Ikuskizuna, musika eta eszenatokia zainetan dituzten sei musika talde gaztek euskal kantuez osatutako emanaldia eskainiko dute urriaren 19an, 20:00etan, Plateruena kafe antzokian. Sarrera doakoa izango da.
Euskal kantuen Bizkaiko eta Euskal Herriko txapelketetan (gazteen mailan zein nagusietan) parte hartu dute taldeek eta bikote guztiek. Beraz, gazteak izanagatik badute esperientzia eszenatoki gainean. Plateruenean zuzenean ikusi ahalko direnetako hiru talde Durangokoak dira: batetik, Amaiur Azkarate, Ainhoa Devesa, Maite Molina, Itziar Muguerza eta Maialen Izagirrek osatutako Xaramel taldea; bestetik, Irati Alonsok eta Itsaso Abaunzak osatutako Ametsetatik Errealitatera; eta hirugarrenik, Geu be taldea.
Beste talde batean, Iraitz Udabe mallabitarrak Barakaldoko Iraia eta Irantzu Rojogaz hirukotea osatuko du. Bikote bik ere parte hartuko dute: Ermuko Leire eta Iker Elustondo neba-arrebek, eta Zeanuriko Olatz Goikoetxeak eta Esti Olivaresek.
Euskal kantuzaleen elkarteak mota honetako erakustaldia Durangaldean antolatzen duen lehenengo biderra izango da. Gazteek txapelketa ofizialetako urduritasuna alboratu eta musikagaz bete-betean gozatzeko aukera izango dute, eta epaile bakarrak musika zaleak izango dira: “Maila handia egongo da. Denek ere izaera handia dute eszenatokian, ez dira beldurtzen. Ikuskizun ederra izango da, seguru”, azaldu du Roberto Palaciosek, ekimeneko sustatzaileetako batek.
Hainbat sariren jabe
Agertoki gainean duten izaeraren erakusgarri dira azken urteetan lortu dituzten sariak. Xaramel taldeak Haur Kantarien Bizkaiko txapelketako hainbat arlotan lortu du gailentzea: taldeka, bikoteka eta a capella abestuz. Euskadiko txapelketan, berriz, bigarren geratu dira taldekako modalitatean. Olatz Goikoetxea eta Esti Olivares Euskadiko txapeldunak dira bikoteka, eta Leire eta Iker Elustondo bigarren geratu ziren modalitate berean, euren kategorian.
Abesti ezagunak zein berriak
Irati Alonsok eta Itsaso Abaunzak (hamasei eta hamabost urte, hurrenez hurren) osatutako taldea oraintsu sortu dute. Plateruenean lau abesti eskainiko dituzte. Horietako hiru ezagunak dira: Lain taldearen Ez nazazu iratzarri eta Aukera berri bat eta Oskorriren Aita-semeak. Laugarrena ez da ezaguna, baina bai denetan bereziena, Jokin Garcia lagun durangarrak konposatu dielako: Kale erdian.
Xaramel taldeak ere jakinarazi du zein abesti eskainiko dituzten bariku iluntzean. Lehenengo hirurak boskoteak abestuko ditu: Ilargi Bete, Zu zara (Mocedadesena) eta Txoriak Txori (Mikel Laborena). Lehenengoa instrumenturik gabe abestuko dute eta beste biak Maite Molina pianoan dela. Beste abesti bat Maite Molina eta Amaiur Azkarateren artean abestuko dute; Itoizen Hemen gaude. Azkenik, Molinaren pianoa lagun duela, Azkaratek abesti bi bakarka abestuko ditu. Horietako bat berak konposatua da: Aita. Beste abestia Euskal Herriko eta atzerriko hainbat tokitan entzun dute: Ken 7 taldearen Itsasoa gara.