Adimen-desgaitasunen bat duten pertsonen gizarteratzea sustatzeko diru-laguntzak bideratuko ditu Durangaldeko Mankomunitateak; baita kirola sustatzeko diru-laguntzak be. Urriaren 21era arte egin daitezke eskariak.
Adimen-desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako aisia-jarduerak antolatzeko emango ditu diru-laguntzak Durangaldeko Mankomunitateak. Horixe da helburua, baita euron senideei laguntzeko ekintzak antolatzeko be. Adimen-desgaitasunen bat duten pertsonen gizarteratzea sustatzeko diru-laguntzetarako 15.000 euro lotu dituzte, arduradunek azaldu dutenez.
Aurten, adimen-desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea laguntzeko lan egin duten Durangaldeko elkarteen artean banatuko dute diru hori: "esparru horretan lan egiteko elkarte-mugimendua lagundu gura dute diru-laguntza horiek; baita autonomia pertsonala eta kolektibo horri laguntzeko ekintzak sustatu ere, horrela senideei laguntzeko", dio Oskar Zarrabeitia Durangaldeko Mankomunitateko lehendakariak.
Kirola sustatzeko
Durangoko atletismo pistan, Abadiñoko trinketean eta Berrizko belodromoan kirol proiektuak garatzen dituzten elkarte eta erakundeei zuzendutakoak dira bestalde, kirola sustatzeko mankomunitateak bultzatutako diru-laguntzak. Horretarako 35.500 euroko diru-atala gorde dute. Elkarte edo erakundeek Durangaldeko Mankomunitatean baitan dauden udalerrietariko baten izan beharko dute egoitza. Mankomunitateko arduradunek azaldu dutenez, 2013an, euron jarduerarako Durangoko atletismo pista erabili duten kirol talde edo elkarteen artean 31.500 euro banatuko dituzte; Berrizko belodromoa erabili dutenen artean 3.000 euro, eta, Abadiñoko trinketea erabili dutenen artean, berriz, 1.000 euro.
"Federatutako kirol lehiaketetan parte hartzea bultzatu" gura dute diru-laguntza hauek Oskar Zarrabeitia Durangaldeko Mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez. "Mankomunitateko azpiegiturak erabiltzea bultzatzen duten kirol egitasmoak" laguntzea ere bada helburu, kirolean emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna bultzatu ez eze.
Eskariak urriaren 21era bitartean egin daitekez. Informazio gehiagorako: www.mdurango.org