Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatuko dute jubilatuek astelehenean, herririk herri.
Zahartzaroari buruzko estereotipo negatiboak ezabatu eta irudi positiboa zabaldu gura dute jubilatuek. Astelehenean, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatuko dute, eta aurkezpena aldarrikapenerako erabili dute: “Zahartzea arrakasta pertsonal eta kolektiboa da, are gehiago aktiboki zahartzen bada”. Herritarrak horretaz sentsibilizatu gura dituzte, eta herririk herri antolatutako ekitaldietan parte hartzera gonbidatu dituzte.
Gainera, zahartze aktiboaren oinarriak –partaidetza eta integrazioa– garatzen laguntzeko deia egin diete agintariei. Astelehenean udaletxeetan pankarta bat ipintzea eskatu dute, Adin guztietarako gizarte baten alde lemagaz. Xingola berdeak ere banatuko dituzte kalean.
Amankomunazgoaren laguntzagaz eratu dituzte ekintzak. Oskar Zarrabeitia presidenteak ere lazo berdea ipini eta integrazioaz egin du berba: “Guztiok gara garrantzitsuak gizarte honetan”. Durangaldeko biztanleen %17 da 65 urtetik gorakoa.