Animaliei jaietan emandako tratua eztabaidagai

Anboto 2012ko ira. 29a, 08:06

Sokamuturra, herri-kirolak eta beste hainbat ekitaldik aldekoak eta kontrakoak izaten dituzte

Sokamuturra, herri-kirolak eta beste hainbat ekitaldik aldekoak eta kontrakoak izaten dituzte.

 

Durangaldean antolatzen diren jai gehienetan animaliekin zerikusia duten hainbat ekintza daude. Leku askotan animaliek parte hartzen duten ekitaldiak bertan behera gelditudira edo tradizio horiek gaurkotu egin dituzte.

 

Zezenak dira izaten da Durangoko jaietan parte-hartze handiena izaten duen ekitaldia. Goizeko 07:30ean bigantxak ateratzen dituzte alde zaharrera. Natxo Martinez zinegotziak (EAJ) urte asko daramatza jai batzordean sokamuturra prestatzen. 1987ko lege aldaketagaz bigantxei ematen zaien tratua erabat aldatu dela azaldu du: “Legeak animalienganako tratu txarrak debekatzen zituenez, buztanetik ebatzeari eta ziztatzeari utzi zitzaion”.

 

Gaineratu duenez, animaliak kamioitik irten eta sartu egiten dira eta ordu bian berriro ere larrean daude: “Animaliak ez du sufritzen. Zezenketa profesionalak beste kontu bat dira”. Aurrekontuari dagokionez, bigantxak lau egunetan ekartzeak 8.000 euroko kostua du eta seguruek beste 10.000 eurokoa. Otxandion ere tradizio handia du jaietan antolatzen duten sokamuturrak.

 

Idi-probak tradizio

Herri kiroletan idiei, astoei edo zaldiei emandako tratuak ere zeresan handia ematen du. Proba ugari daudeDurangaldean. Hala ere, tradizio handiena dutenak Abadiñoko San Blas jaietakoak dira. Jose Antonio Odriozola Gaztelu-k 30 urte daramatza herri kiroletan epaile. Gaztelu-k dioenez akuilua larregi erabiltzen duenari hiru abisu ematen zaizkio eta hirugarrenean kendu egiten zaio: “Ni epaile nagoenean karreteroek badakite horretan oso zorrotza naizela eta bete egiten dudala”. Azken urteotan erreglamendua ere zorroztu egin dela dio abadiñarrak.

 

ATEAren kritikak

Animaliei Tratu Etikoa Ematearen Aldeko Elkarteak (ATEA), berriz, orain arte pauso asko eman direla nabarmendu arren, oraindik legea ez dela betearazten azaldu du. Kepa Tamames elkartearen ordezkariaren berbetan, 6/1993 legeak dio animalien sufrimendu edo estura debekatuta dagoela. “Sokamuturrean ez da legea betetzen, zezenak estualdirik ez duela pasatzen ez badu inork esaten behintzat”. Gogorarazi duenez, udalak dira lege hori betearazteko ardura dutenak. 

 

 

Ahari topekak bertan behera Iurretako jaietan

2007an utzi zioten Iurretan ahari topekak antolatzeari. Animaliei Tratu Etikoa Ematearen Aldeko Elkarteak eskaera hori egin zuen jai batzordean eta baita udalean ere, 1993ko legea gogora ekarriz. Joseba Agirre Iketza iurretarrak sutsuki defendatzen ditu behinolako ahari topekak. Antolatzaileetako bat izateaz gainera, ahariak entrenatzen zituen: “Oso txarto hartu genuen debekuaren berria. Ahari topekan ez dago tratu txarrik. Ahariak berak gura duenean bakarrik jotzen du, plazan zein mendian”. 

 

Txerri harrapatzeak ere auzo askotan antolatzen ziren, Gerediaga auzoan, besteak beste. Gaur egun, ekitaldi hau jai egitarautik kendu egin dute. Animaliekin egiten diren zozketak ere dagoeneko bertan behera utzi dituzte, Abadiñoko San Blas jaietako txahalaren zozketa, esate baterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!