Uda honetan surpermerkatuetatik janaria ateratzen agertu dira telebistan SAT Sindicato Andaluz deTrabajadores-eko kideak. Komunikabideek euren jarduna sarritan isilarazi egin badute ere, kalean urte osoan daudela eta horren premia dagoela nabarmendu du SATeko kide Maria del Carmen Garciak.
Krisia hasi aurretxoan, 2007an, jaio zen SAT.
Hainbat antolakuntza sindikalek sortu genuen, baina SAT batez ere SOCetik sortu da (Sindicato Obreros del Campo), eta hau 1976an sortu zen, nekazarien eskubideak defendatzeko. Andaluzian 500.000 jornalari baino gehiago bizi zen garai hartan, ahal zuten moduan bizirauten, lursail handien jabeak aberasten ziren artean. Nekazaritza erreforma egin eta lursailak banatzeko borroka hasi genuen orduan. 2007an ikusi genuen jornalarien arazoen antzekoak zeudela hainbat arlotan. Enpresetako eta produkzio sektoreko jendea batu eta SAT sortu genuen. Kalean lan egiteko, a pie del tajo egoteko sindikatu bat sortu gura izan genuen.
Kaleko ekintzengatik ezagunak egin zarete. Hor dago abuztuan supermerkatuetan egin zenuten ekintza.
Oihartzun handia izan du, bai, eta apur bat harritu egin gaitu. 30 urte baino gehiago daramatzagu lanean, ekintza asko egiten, eta komunikabideek ikusezin bihurtu izan gaituzte. Guretzat garrantzitsua da komuikabideetan agertzea jendeak gure borroka ikus dezan. Ez gaitu harritu komunikabide batzuek gu zoro eta lapurtzat hartu izanak, baina garrantzitsuena da beste askok gure salaketa zein zen azaldu dutela. Guk ez dugu ezer lapurtu; lapurretak ez dira komunikabideen aurrean egiten, gauez eta ezkutuan baino. Familia askok bizi duten egoera larria salatu gura genuen.
Autoinkulpazio kanpaina ipini duzue martxan. Zelako erantzuna jasotzen ari zarete?
Harrituta gaude jende asko autoinkulpatu delako, Andaluziakoak eta Andaluziatik kanpoko asko ere bai. Kriminalizatu gura izan gaituzten komunikabideek, hori lortu beharrean jende asko supermerkatuetako ekintzekin identifikatuta sentitzea lortu dute. Egoera latza salatzearren salatu dituzte lagun batzuk, eta bitartean krisira eta hondamendi egoera honetara eroan gaituztenak lasai-lasai dabiltza, oporretara joan eta komunikabideetan agertuz.
Andaluziatik jornalarien martxa antolatu duzue. Parte-hartze handia izan du?
Andaluziako probintzia guztietatik antolatu genituen martxak. 150-200 laguneko martxak espero genituen. Jaenen, 700 lagun batu ziren, eta Sevillan gizarte mugimendu ugari batu ziren martxara. Jendea umezurtz xamar dagoela sumatzen dugu. Kalera irten eta konponbide duinak eskatu gura ditu, irrikitan dago herriaren ahotsa entzunarazteko. Ez gaude prest Espainiako eta Andaluziako gobernuen murrizketa gehiago entzuteko. Gu ez gara krisiaren errudunak izan. Jendeak kalean egon gura du esateko ez gaudela prest zor pribatua diru publikoagaz ordaintzeko.
Testuinguru honetan itxaropena mantentzea ez da erraza. Zein izan beharko litzateke sindikatuen papera?
Sindikatuok aldarrikapenerako eta borrokarako tresna gara eta herriaren ahotsa entzunaraztea da gure lana. Denok batu eta kalera irteteko ordua da. Zenbat murrizketa behar dira beste greba orokor bat antolatzeko? Greba orokorrak deitzeko unea da. Sindikatu handiak petatxuak ipintzen eta euren existentzia justifikatzen dabiltza, baina sindikatuen papera eten barik kalean egotea da. Sindikatu handiek guri esana digute udako sindikatua garela. Pasatzen zaiguna da beste data batzuetan irteten garenean komunikabideek gure borroka ikusezinarazten dutela. Urte osoan egiten dugu lan.
Greba orokorraz berba egin duzu. Euskal Herrian datorren asterako greba deitu dute. Tresna baliagarria da zuretzako?
Baietz uste dugu, eta greba egitea behar dela. Zenbat murrizketa beharko da greba orokor bat egiteko? Haratago jota, gutxi dela uste dugu; egun bateko greba ez delako nahikoa sisteman eragiteko. Momentu baten greba mugagabea egin beharko da.
Aste honetan Euskal Herrira gonbidatu zaituzte LABeko kideek. Zer iritzi duzu hemengo langile mugimenduaren egoeraz?
Kide askok pentsatzen dugu jarraitu beharreko eredua zaretela. Andaluzian greba orokor bat behar dela esaten gabiltzan artean, hemen deitu eta data bat jartzeko gai zarete. Egoera desberdinak dira. Gure borroka garrantzitsuena lurren jabegoarena da. Andaluziako juntak 20.000 hektarea pribatizatu gura ditu, eta hori egoera honetara ekarri gaituzten espekulatzaileek baino ezin dute erosi. Lur publikoa krisiari aurre egiteko tresna izan daiteke. Eredua Marinaleda herria da. 2.700 biztanle ditu eta langabezia handia izan du. Lur-jabeari lurra kentzea eta herriarena egitea lortu dute. Udalak kudeatzen du, eta asanblada bidez lan egiten dute. Arazo oso desberdinak dituzue Euskal Herrian, baina guretzat horko borroka aurrera joateko esperantza