Murrizketen aurrean, borroka sozialerako deia

Anboto 2012ko ira. 20a, 08:00

ELA, LAB eta CNT sindikatuetako eta Geu Be, Voz Africana eta Izar Gaztea elkarteetako ordezkariek agerraldia egin dute Durangon irailaren 26ko Greba Orokorra deitzeko

ELA, LAB eta CNT sindikatuetako eta Geu Be, Voz Africana eta Izar Gaztea elkarteetako ordezkariek agerraldia egin dute Durangon irailaren 26ko Greba Orokorra deitzeko.

 

Arrazoiak sobera ei daude. Irailaren 26rako Greba Orokorra deitu dute hainbat sindikatuk eta gizarte eragilek. ELA, LAB eta CNT sindikatuetako eta Geu Be, Voz Africana eta Izar Gaztea elkarteetako ordezkariek agerraldia egin dute Durangon protestara deitzeko. Bilgune Feminista eta AHT Gelditu! Elkarlana ere batu zaizkie. Greba egin eta kalera irtetea eskatu diete herritarrei, Espainiako Gobernuaren murrizketei kontra egiteko. Geu Be elkarteko Jose Alfarok egin du berba euskaraz hedabideentzat. Esan duenez, aurrekaririk ez daukan lan eta gizarte erasoa dator: “Eskubide guztiak lapurtu gura dizkigute; oinarrizkoenak ere bai, aurreko belaunaldiek borroka luzez eta sakrifizio askoren ondorioz lortutakoak”.

 

 

Bankari, herritarren kontu

Azken urteetan ezarritako hainbat neurri ekonomiko ekarri dituzte gogora prentsaurrekoan: jubilazioaren atzerapena, sendagaien berrordainketa, komertzioen ordutegiak desarautzea, BEZ zergaren igoera, etorkin irregularrei osasun txartela kentzea... Murrizketa berriak egongo direla ere ohartarazi dute. Zuloak betetzeko, bankari dirua herritarren eskubideen kontura ematen zaiola kritikatu dute. “Ez gaude haiek sortutako krisia ordaintzeko prest”.

 

Baina, krisiaren ordaina gaurko arazo da dagoeneko. Alfarok emandako datuen arabera, esaterako, Durangaldean 2.215 pertsona daude laneko erregulazio espedienteagaz. Durangon bertan, 1.700 langabetu inguru daude. Azken bost urteetan, EAEko komertzioen %11,4 itxi egin behar izan dituzte. Egoeraren aurrean, mobilizatzeko beharra aldarrikatu dute: “Politiken norabidea aldatzeko eta murrizketarik ez aplikatzeko gizarte borroka da bide bakarra”. Eguaztenean manifestazioak egingo dituzte Durangon eta Elorrion, 17:30ean. Goizean Bilboko protestara batuko dira, azken lau urteetako bosgarren Greba Orokorrari ekiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!