Plateruena kafe antzokiak eta Ibaizabal ikastolak jaso dute dagoeneko ziurtagiria. Horrela, 27 dira Durangaldean ziurtagiria daukaten enpresa eta komertzioak.
Urrats Biziak Durangaldean kanpaina aurkeztu dute gaur Durangon. Bai Euskarari ziurtagiria zabaldu gura dute eskualdean, zziurtagiri horren aldeko elkarteak bultzatuta. Enpresa eta saltokietan jarduera euskaraz egiten dela bermatzen du zigilu horrek. Rober Gutierrezek, ziurtagiriaren elkarteko zuzendariak, esan du gaur egun 1.500 komertzio direla Euskal Herrian ziurtagiria daukatenak. Horietatik %14 bakarrik ei dira bizkaitarrak, eta 27 Durangaldekoak. Plateruena kafe antzokia eta Ibaizabal ikastola izan dira batzen azkenak. Agerraldian bertan jaso dute ziurtagiria. Gutierrezek azaldu du ahalegina saritu egiten dutela modu honetan.
Gutierrezek kanpainaren helburu nagusia aurkeztu du: "Enpresa eta saltoki kopurua nabarmen igotzea". Euskarak erreferente eta ereduak behar dituela adierazi du, eta ziurtagiriak jasotzeak kalitatezko urratsa suposatzen duela enpresentzat. "Kudeaketan, ezinbesteko plusa". Gainera, bere ustez, enpresa eleanitzek gertutasuna eta konfidantza sortzen dituzte herritarrekiko.
Platerueneko Beñat Gaztelu-Urrutiak ziurtagiria lortzeko hasierako uneetaz berba egin du. "Beharginen arteko hartu-emanetan, bezeroekiko tratuan... ustez funtzionamendu guztiz euskalduneko erakunde bat ginelakoan geunden. Konturatu gara beti dagoela zer hobetu eta beti daudela pausuak emateko". Hornitzaileekin edota herri erakundeekin daukaten erlazioak ipini ditu adibide. Jarrerak, domino efektua ekarri ahal duela dio antzokiko gerenteak: "Norberak pausu horrek ematen baditu, hornitzaile hori euskalduntzeko pausua ematen du".
Euskara Elkarteen Topaguneko presidenteak, Mikel Irizarrek, adierazi du euskarak aldekotasuna behar duela. "Horretarako, oso garrantzitsua da euskara profesionaltasunagaz, prestigioagaz, kalitateagaz eta bezeroaren arretagaz lotzea". Tokian tokiko ekimen hauekin guztiz bat daudela esan du Irizarrek. Bere ustez, aldeko giro horrek indartuko du euskararen normalizazioa, azkeneko inkesten arabera etenaldi batean dago-eta.