"Mugen helburua umeek inteligentzia garatzea da, euren onena ateratzea"

Anboto 2012ko ira. 16a, 09:09

Cristobal Gutierrezek 31 urte daramatza helduekin formazio lanetan eta hamazortzi urte familien eta haurtzaroaren zaintzan. Bere emaztea zenarekin, aitzindaria izan zen 1995. urtean Kataluniako lehen bi eskola libreak sortzen eta zuzentzen

Cristobal Gutierrezek 31 urte daramatza helduekin formazio lanetan eta hamazortzi urte familien eta haurtzaroaren zaintzan. Bere emaztea zenarekin, aitzindaria izan zen 1995. urtean Kataluniako lehen bi eskola libreak sortzen eta zuzentzen. Gaur egun, bere ardura umeak eta familiak zaintzea da, ikastaroak eta hitzaldiak tarteko, eta Haurraren Arimaren Zainketaren (CAI) inguruko proiektu sortzaileak laguntzen ditu.

 

Haurren hezkuntzari buruzko galderetan sarri agertzen den gaia da mugena (zigorrak eta sariak). 

Gure haurrekiko mugak, gomendagarriak izateaz gain, osasuntsuak eta beharrezkoak dira beraien hazkuntzarako. Alabaina, helduok muga hauekiko hainbat zehaztasun ahaztu egiten ditugu: gu aspertu edo nekatzea ez litzateke mugak jartzearen arrazoi nagusia izan beharko. Mugen helburua umeek euren inteligentzia garatzea da, inguruarekin harremantzeko gaitasuna eta euren onena ateratzea. Limiteak batu egin behar luke, banandu ordez. Hau da: azala, esaterako, barrualdearen eta kanpoaldearen artean muga garbia jartzen duen organoa da; bestela, hil egingo ginateke. Hala ere, azalak ez gaitu ingurutik guztiz babesten, kanpoaldearekin harremana izaten uzten digu, eta atsegina izateaz gainera, beharrezkoa da arriskurik ba ote dagoen igartzeko, adibidez. Mugak jartzeko ez da nahikoa jarraibide batzuk izatea; mugak momentu aproposenean ipini behar dira, intentsitate egokiagaz eta kanporatu ordez, integratuz. Hau guztia, ezinbesteko maitasunaren eskutik.

 

Mugak ez zaintzeak zer ondorio ditu?

Muga eskasiak mina eragiten du gugan, besteengan eta planetarengan. Ez dakigu pentsamenduei, ikusiezinei, haserrealdiei, ezta beldurrei ere mugarik jartzen, eta horrela igarotzen ditugu gauak lorik egin gabe, norbaitek esan digunaren ondorioz arduratuta, gure buruari min egin arte. Mugen kontu honetan helduok hobetzeko premia daukagu eta gure haurrak hobetze horretarako aukera bat dira, beraien muga faltek gure gabeziak eta nahasketak islatzen dituzte-eta. 

 

Ez dago erantzun errazik...\"\"

Horrelako erantzunak ondo hartzen dira, baina elbarritu egiten zaituzte, oztopatu egiten dutelako norberagandik pentsatu eta ekitea. Imajinatu futbol entrenatzaile bat zarela. Entrenatzailearen jarduna ez da bakarrik egin ahal dena edo ezin den egin esatea. Bestela, edozein izan ahalko litzateke entrenatzaile ona. Futbol entrenatzaile batek jokalariak zaindu beharko lituzke, batez ere ezusteko uneetan jokaldi egokienak ikusi eta sortu ahal izateko, beraien potentzial eta gaitasunetan konfiantza izaten jakin dezaten. Jokalariak entrenatze horretan, mugak barne daude, baina baita beste ezinbesteko hainbat faktore ere. Argibide logikoak, baina une desegokian ematen dituen entrelatzaileari, azkenean ez zaio jaramonik egiten. Unean uneko, serio zein goxo jartzen ez dakien entrenatzaile batek ezin du egokiro bere lana bete.  Entrenatzaileak beharrezko afektua erakusten badu ezin du bere jokalarietatik beraien onena atera. Guraso edo zaintzaileen lana askoz garrantzitsuagoa, delikatuagoa eta sakonagoa da futbol entrenatzaile batena baino. Bizitza futbol txapelketa bat baino askoz konplexuagoa eta ustekabekoagoa da.

 

Guraso edo zaintzaileek ere jasaten dute bizitzaren konplexutasun hori.

Bai, eta jarraibideek esana egitea baino zerbait gehiago egitea dagokie, umeen bihotzetara heldu behar dira. Haurrak zaindu behar dituzte, mundu konplexu honetan ekiten eta moldatzen jakin dezaten, eta hau dena norberaren beldurrak, haserreak, ondoezak eta abar ulertzeko jarrerarekin soilik lor daiteke. Gainean daramagun zama horrek askotan ez digu maitasunez aurrera egiten uzten. Bizitzan sakonduta, umeen bihurrikeriak konpontzeaz gainera, gainetik pisu handia eta estatusak kenduko ditu zaintzaileak, eta hainbesteko samintasunez oroitzen duen alaitasuna bereganatu ahal izango du.

 

Kasu bat: ume txiki bat jatun txarra da eta jatorduetan segituan hasten da jolasten. Zelan jar daiteke praktikan zuk esandakoa? Janaria eman behar zaio? Jolas egiten utzi?

Lehenik eta behin, haur txikiaren jolasteko desioa une horretan benetako beharra den ikusi behar dugu. Horrela bada, jolasten utzi beharko genioke, jolastea, sarri, askoz osasuntsuagoa baita haurrarentzat, jatea bera baino. Alderantziz,  urduri dagoelako jolasten hasten bada, atentzioa bereganatu nahian adibidez, orduan, besotan har dezakezu eta gauza maitagarriak esan. Arreta hori ematen badiozu, bost minutura lasaitu egingo da eta lasaitasunez jan gurako du.

 

Sarritan ez  da astirik edukitzen umeek eskatzen duten guztia emateko. 

Bideetan injinerua den lagun bat daukat. Behin autopista bateko zubi bat eraikitzen zebilela bisita egin nion eta, hormigoiak jasan behar zuen prozesuaren garrantziaz hitz egin zidan; presa barik egin beharra zegoen, guztiz egin orduko pisua gainera jaurtitzen baldin bazitzaion, zubiak behera egingo lukeelako. Haurtzaroa helduaroaren oinarria da, eta denbora behar da oinarri horiek finkatzeko. Horiek dira, azken finean, helduaroko bizitza sostengatuko dutenak. Haurra modu horretan zaintzen baldin badugu, nagusia egiten denean entzuten jakingo du, presioak eramangarri egingo ditu, ez da guztiaz kexatuko eta irtenbide bat ikusiko du, baita ez dagoela iruditzen zaionean ere. Horrela, gurasoek umeak zaintzearen gauzarik onena ikasiko dute; osotasunean bizitzea. Jakintsuago izango dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!