Artzaintzaren balioa erakusten saiatuko dira Ardi jaiagaz

Anboto 2012ko ira. 11a, 11:52

Gerediaga, Urkiola Landa Garapena eta +Dendak elkarteek bultzatuta ospatuko dute Ardi jaiaren bigarren edizioa

Gerediaga, Urkiola Landa Garapena eta +Dendak elkarteek bultzatuta ospatuko dute Ardi jaiaren bigarren edizioa.

 

Barikutik domekara arte Ardi jaia ospatuko da Durangon, Abadiñon eta Atxondon. Patxi Solana artzainak helburuetako bat azaldu du: "Artzaintza eta baserri munduak Euskal Herrian daukan garrantzia erakutsi gura dugu". Juan Mari Totorika Urkiola Landa Garapeneko ordezkariak esan du artzainek ardiekin egindako lanari eskerrak dagoela paisaje hau euskal Herrian. Prestatu duten egitarauak ez dauka adinen inguruko mugarik, baina gazteei begira lan berezia egin gura izan dute. "Belaunaldi berrientzako garrantzitsua izango da", Totorikaren berbetan. Abadiño eta Durangoko ikastetxeetan tailer zein berbaldiak egingo dituzte.

 

Barikuan Abadiñon eta Durangon izango dira ekintzak, zapatuan Durangon eta domekan Atxondon. Zapatu eguerdian trashumantzia gidatuko du Krispin Arregi garaitarrak Durangoko kaleetatik. Artzaintzaren promozioaz gainera, turismoa ere badute jomuga antolatzaileek. +Dendak elkartearen izenean pintxo-poteoa -eguenean- eta gazta dastaketa lako ekitaldiak aurkeztu ditu Guillermo Oarbeaskoak.

 

Domekarako Euskal Herriko artzain txakur txapelketaren 46. edizioa programatu dute Axpen. Oihana Azkorbebeitia Gerediagako kideak eman du lehiaren berri. Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko txapeldunak eta iazko irabazleak ere parte hartuko dute. 11:00etan hasiko da. Aurretik, 10:00etan, artzainen ibilbide gidatua egingo dute Asuntze mendi taldearen laguntzagaz.

 

Informazioa eta egitaraua: gerediaga.com

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!