Lea-Artibai eskualdean egin zuten bezala, A8 autobidearen "Iurreta-Gerediaga tartearen doakotasuna" eskatzeko mozioak aurkeztuko ditu Bilduk irailean, Durangaldeko hainbat udaletan.
Abadiño, Zaldibar, Atxondo, Mallabia, Berriz eta Elorrioko udaletako Bilduko ordezkariak batu dira Traña-Matienako Errota kultur etxean egin duten agerraldian. Hain justu, udal horietan aurkeztuko baitu Bilduk A8aren tarte berriaren doakotasunaren aldarrikapena jasotzen duen mozio hori.
Aitor Azueta Abadiñoko zinegotziak azaldu duenez, A8aren Iurreta-Gerediaga errepide tarte horretan ezarri duten tarifa sistema ez dela egokia uste du Bilduk (0,81 zentimotako kostua du autobide tarte honek ibilgailu arinentzat, 1,97koa 1 motako ibilgailu astunentzat, eta 2,23koa 2 motakoentzat).
Iurreta-Gerediaga tartea bakarrik burutzen duen erabiltzailearentzat autobidea doakoa izan arren, "erabiltzaile gehienek ez dute soilik bide hori egiteko erabiltzen autobidea, Gerediaga abiapuntutzat hartzen dute askok Bilboaldera joateko", nabarmendu dute prentsaurrekoan.
Bestalde, Gerediagako ordainsari berriak N-634 errepideko trafikoa ez duela murrizten adierazi du Bilduk. Alderantziz, erabiltzaile asko Gerediagan sartu, Iurretan atera eta berriro autopistan sartzen direla, eta "horrek Iurretako biribilgunean trafikoa pilatzea" dakarrela azpimarratu dute prentsaurrekoan.