BEZaren igoera, saltzaileen eta erosleen buruhauste

Anboto 2012ko ira. 7a, 08:09

Irailean BEZ zerga igo du Espainiako Gobernuak; kontsumoari zuzenean eragiten dion neurria da

Irailean BEZ zerga igo du Espainiako Gobernuak; kontsumoari zuzenean eragiten dion neurria da.

 

Uztailean Espainiako Gobernuak agindu legez, Balio Erantsiaren gaineko Zergak (BEZ) gora egin du iraila hasteagaz batera. Kontsumoari zuzenean eragiten dion neurria da, eta dagoeneko egoera berrira egokitu behar izan dute merkatariek eta kontsumitzaileek. Adibidez, abuztuaren 31n gasolindegiak bete egin ziren, egun batetik besterako igoera aurrezteko. Iurretako Arribide gasolindegiko arduradunak, Asier Zuazuak baieztatu du: “Inoizko lan handiena eduki genuen barikuan”. Erregaia ezinbesteko du errepidean dabilenak, eta Zuazuak zalantza dauka horien kontsumoa jaitsiko denik. Baina garraiolarien inguruan beste iritzi bat du: sektorea txarto ei dabil, eta prezioen igoera dela-eta hainbat enpresaren etorkizunak kezkatzen du. Erregaiaren BEZa %18tik %21era igo da.

 

Ileapaindegietan %8tik %21erako jauzia egingo du zergak. Hori ikusita, batzuek ilea gutxiagotan moztea erabaki dezakete. Durangoko Iunik ileapaindegiko Jon Sopelanak kritikatu du zerga hamairu puntu igo arren, igoeraren portzentaia %150ekoa dela. “Beharrezkoa zena ia luxuzkoa bihurtuko dute”. Sopelanaren ustez, ileapaindegi handiak indartzea eta txikiak desagertzea eragin dezake neurriak. Zergaren kostuaren erdia baino gehiago bere gain hartuko dute Iuniken: ez diote prezioari zerga osoa aplikatuko.

 

Kulturgintza, egoera zailean

Ikuskizunek ere jasango dute %8tik %21erako igoera hori. Zineak edota musikak, esaterako. Plateruena kafe antzokiko gerenteak, Beñat Gaztelu-Urrutiak, krisiaren erruz lehendik ere kontzertuetarako asistentzia jaitsita zegoela adierazi du. Neurriak kulturgintzaren egoera ikaragarri zailduko duela uste du: “Antolatzaile eta sustatzaileei igoera hori aplikatzea astakeria bat da. Sektorea dardarakor dago”. Sarreren prezioak mantentzea ezinezkoa izango dela dio. Bestalde, tabernako gorakada –%8tik %10era–, merkatarien elkarteak errebisioa egin arte asumitu egingo dute.

 

 

Bizimodua garestitu da irailean

 

Eguneroko bizimodua garestitu du BEZaren igoerak. Zerga orokorra %18tik %21era pasatu da –PSOEk %16tik %18ra altxa zuen 2009an–., eta zerga murriztua %8tik 10era. Gainera, azken horretako produktu batzuk %21era arte igo dituzte. Oinarrizko produktuen inguruko zerga bere horretan mantenduko da, %4an. Atal honetan salbuespen bat egongo da: eskola materialari %21eko zerga ezarri diote. Kontua da oinarrizkotzat definituta ez dauden hainbat gai ere garrantzi handikoak izan ahal direla: pardelak eta antisorgailuak, adibidez –biak %8tik %21era igoak–.\"\"

 

BEZagaz zuloa bete guran

Espainiako Gobernua zorrez gainezka dago, eta ekonomian sortutako zuloa zelan edo halan betetzeko beharra dauka. BEZaren igoeragaz, kontsumotik atera gura du etekina. Baina, denborak esango du neurri berriak zuloa betetzen edo handitzen duen. Kontsumoan beherakada handia egonez gero, makina bat komertziok ere atea itxi egin beharko dute.

 

Herritarren artean mesfidantza nagusitu da azken aldian, eta sindikatu zein gizarte eragileek ere greba deialdia egin dute irailaren 26rako. BEZaren igoeraz aparte, Raxoiren gobernuak egindako gainerako murrizketak ere salatu gura dituzte horrela.

 

Krisia, geratzeko etorri zen

Zapaterok zioen ez zegoela krisirik; atzeraldia ei zen. Krisia onartuta, epe laburrekoa izango ei zen. Raxoik ez zuen murrizketarik egin behar, eta Europako Batasunari erreskatea eskatu ere ez. 2012an egonda, badirudi beste erreskate bat laster datorrela. Krisia noiz amaituko den ez dago argi, eta egoera konpontzeko soluzio garbirik ere ez da ageri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!