Udaletxeko atzealdea eta frontoira begirako horma batzen diren lekuan ipini dute Espainiako bandera Elorrion, ikurriñaren alboan. Espainiako gobernu delegatuak jarritako salaketa baten ostean ipini du bandera udalak. Zaldibarren prozesu judiziala hasita dago; Izurtzan, Mañarian eta Otxandion ere jaso dute notifikazioa.
Administrazioaren eraikinen kanpoaldean eta barrualdean Espainiako bandera ipini behar dela dio Espainiako 39/1981 legeak. Euskal Herriko hainbat udaletxetan hori betetzen ez dela-eta, hainbat udal salatu ditu Espainiako gobernu delegatuak. Adibidez, Zaldibarren prozesu judiziala hasita dago. Izurtzan, Mañarian eta Otxandion ere delegatuaren salaketa jaso dute.
Elorrioko Udalak duela urtebete jaso zuten gobernu delegatuaren abisua. Udalak ez zuen bandera ipini eta ez du justizia arloan pausurik eman. Ana Otadui alkateak azaldu duenez, “ondorioak zeintzuk izango ziren jakinda, epaitegietan dirurik ez gastatzea erabaki genuen”. Maiatzean heldu zen sententzia; udala bandera jartzera derrigortzen zuen epaileak.
Ekainaren 25ean hamar eguneko epea eman zieten. "Ez digute esan zeintzuk izango liratekeen ez ipintzearen ondorioak, baina idazkariak azaldu digu alkatea ezgaitzea edo ondasun pertsonalekin ordaintzea izan daitezkeela zigorrak". Ikurriña dagoen lekuan Espainiako bandera ipini behar zela, eta frontoi alboan ipini dituzte biak. Otaduik esan du bere asmoa ikurriña plazan ipini eta omenaldi bat antolatzea dela: "Badakit zein den nire bandera; ezin didate beste bat inposatu”.
“Herritarrek ez dute nahi”
Gobernu delegatuaren agindua jasotzen lehenengo herrietako bat Zaldibar izan zen. Udalak helegitea ipini zuen eta erantzunaren zain daude. Arantza Baigorri alkatearen berbetan, "behartzen bagaituzte ipiniko dugu, baina argi daukagu herritarrek ez dutela udaletxean Espainiako banderarik nahi". Otxandiora ere heldu da agindua eta udal gobernuak antzeko balorazioa egin du: "Gure ustez, ez gabiltza oker herritarren gehiengo zabal batek bandera espainola bere egiten ez duela diogunean".
Izurtza eta Mañariako udalek ere jaso dute abisua. Momentuz banderarik ipiniko ez dutela azaldu dute bertako ordezkariek, eta Bilduk nazio mailan egingo duen irakurketaren zain daudela. Beste herrietako udaletan ez dute oraindik jakinarazpenik jaso. Durangon 2008an ipini zuten bandera, bi urteko prozesu judizialaren ostean.