Su txikiz beteko dira Durangaldeko herriak San Joan Egunean.
Tradizioari eutsiz, San Joan bezperako gauean eskualdeko herri danetan piztuko dira suak. Gau berezi horren harira, hainbat ekitaldi prestatu dituzte, urtero legez.
Zaldibarren, esaterako, gaueko protagonista sua dela ikusita, horren inguruko ekitaldi bat prestatu dute: Raku izeneko zeramika teknika japoniarra zelan egiten den ikusteko aukera egongo da Zaldibarko eskoletan. Japoniarrek 950 gradutan ateratzen zituzten zeramika piezak labetik, eta ostean zerrautsetan sartu, hozteko.
Iurretan musika kontzertuak daude sanjoanen harira. Atzo, 22:00etan, Gherttzainak, Zarraparra eta Txominbelarrak taldeak ariko dira zuzenean, plazan.
Ermuan, Txindurri dantza taldearen eta Pispilu abesbatzaren ostean, Axuri Beltza izeneko dantzaldi jendetsua egin gura dute. Eguenean dantza ikastaroa eduki zuten parte-hartzaileek.
GAUR
- ABADIÑO
22:00etan: Sua eta txokolatada Muntsaratzen.
- ATXONDO (Axpe)
21:00: Herri afaria Axpeko pilotalekuan
22:30ean: Otxandategi korala eta Luhartz taldea.
- BERRIZ
21:00etan: Kalejira Elizondotik Berrizburura Tarumba Percusion taldeagaz.
21:30etan: Txorizo dastaketa
22:00etan: Sua piztuko dute
22:45ean: Erromeria Ansorregi taldeagaz.
- ERMUA
22:00etan: Sua piztuko dute Kardinal Orbe plazan, Euskal Birusak antolatuta. Txindurri dantza taldea, Pispilu abesbatza, irrintzi lehiaketa eta suzko zezena egongo dira. Horrez gainera, Axuri Beltza dantzaldia egingo dute.
- ELORRIO
16:30: San Joanera igoera plazatik.
17:00: San Joan ermita alboan, Hipo eta Tomax pailazoak eta merendola.
22:00: Kiroldegi ondoan sua, suzko zezena eta erromeria Arrabots taldeagaz.
- IURRETA
17:00etan: Umeentzako jolasak
20:30ean: Afari herrikoia. Ostean, erromeria Lotxogaz.
22:30ean: Sua piztuko dute. Ostean, berriz erromeria.
- IZURTZA
22:00etan: Sua Santo Tomas ermitaren alboan. Urdaiazpiko otartekoak jateko aukera Udalaren eskutik.
- MALLABIA
20:00etan: Txitxiburduntzia Herriko tabernan.
22:00etan: Sua piztuko dute plazan.
- MAÑARIA
Arratsaldean zehar, jokoak.
22:00etan: Sua piztuko dute geltoki atzeko aparkalekuan
- OTXANDIO
22:00etan: Sua piztuko dute plazan, eta, Arrabal, Basogai eta Elizaberri kaleetan, esaterako. Kalejira txistulariekin plazatik.
- ZALDIBAR
18:00etatik 23:00etara: Suaren aztarnak. ‘Raku’ izeneko zeramika teknika japoniarra. Zaldibarko eskoletan.
|