Zaborrontzien kokapen berriak aztertuko dituzte

Anboto 2012ko eka. 19a, 10:13

Hondakinak batzeko edukiontzien kokapen berria zehazteko foro parte hartzaileak abiatu ditu Durangaldeko Mankomunitateak. Urtea amaitu bitartean 20 foro egingo dituzte; lehenengoa Garain egingo dute, gaur, 19:00etan

Hondakinak batzeko edukiontzien kokapen berria zehazteko foro parte hartzaileak abiatu ditu Durangaldeko Mankomunitateak. Urtea amaitu bitartean 20 foro egingo dituzte; lehenengoa Garain egingo dute, gaur, 19:00etan.

 

Papera eta kartoia, ontziak, beira, eta, gainerako zaborra. Hondakinen lau frakzioak batera eta leku aproposean jarri ahal izateko foro parte-hartzaileak antolatuko ditu Durangaldeko Mankomunitateak, horretara herritarrak ere inplikatzeko eztabaida horretan. Era berean, albo-kargako 60 edukiontzi berri erosiko dituzte, gaur egun, dauden atzeko kargako 150 zaborrontziak ordezkatzeko. Horretarako, 13.570 euroko aurrekontua dauka mankomunitateak. Besteak beste, udalekin, herritargoagaz, hezkuntza zentroekin eta enpresekin elkartuko dira mankomunitateko arduradunak.

 

Herri bakoitzean tokiko zabor-batzea zein egoeratan dagoen azaldu zaie parte hartzaileei. Hortik abiatuta, mankomunitateak eta foroetan parte hartzen duten herritarrek edukiontziak berkokatzeko proposamen bat landuko dute. "Papera eta kartoia, ontziak, beira, eta, gainerako zaborra, hondakinen lau frakzioak batuko dituzten guneak sortzea" izango dute helburu, Oskar Zarrabeitia Durangaldeko Mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez.

 

Beste alde batetik, hondakinei dagokionez, herritarren ohiturak aldatzea sustatzeko sentsibilizazio kanpaina ere abiatu gura du mankomunitateak: berziklatuak izan daitezen hondakinak banatzeko ohitura sustatu gura dute horretara. Bide horretan, 10.000 flyer inguru buzoneatuko dira, gaikako zabor bilketagaz lotutako ekimenetan eta foroetan parte hartzera gonbidatuz; indar berezia egingo dute nekazaritza guneetan.

 

Zaborra banatzeko oinarrizko azalpenekin eta tamaina handiko zaborra batzeko egun eta orduekin 400 binilo iraunkor ere jarriko dituzte.

 

60 edukiontzi berri

Albo-kargako 60 edukiontzi berri erosiko ditu mankomunitateak(40 zabor organikoa eta besteako zaborra jasotzeko, eta, 20 papela eta kartoia batzeko). Atzeko kargako 150 edukiontzi ordezkatuko dituzte horiek. Horrek 60.00 euro eskatuko ditu. Horrela, "lau edukiontzitan egiten den  gaur egungo bilketa bateratu" gura du mankomunitateak: "Zaborrak batzeko denboran aurreztuko dugu horrela, denbora hori beste zereginetan erabiltzeko aukera emanez, esaterako,edukiontziak maiztasun handiagoagaz garbitzen", azaldu du Zarrabeitiak.  Mankomunitateko presidentearen berbetan "ekonomikoki aurrezten ere lagunduko luke, zerbitzua optimizazioan eta langileriaren segurtasunean ere eraginez".

 

Edukiontzi berriek kapazitate handiagoa izango dute: 3.200 litro batzeko ahalmena izango dute; gaur egungoek 1.000, 800 eta 300 litro hartzeko ahalmena dute. Beste "abantaila" bat ere bada atzeko kargaren sistema tradizionalagaz baino isilagoa izango dela hustuketa zaborrontzi berriokin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!