Jose Antonio Uriarte Durangaldeko Lanbide ikastetxeko irakaslea da, sorreratik. Sandra Begoñak hiru urte daramatza eta irakasle berriena da. Euren esperientziak azaldu dituzte eta etorkizuneko erronkei buruz berba egin dute.
Sorreratik irakasle dabilen batek, orduko zelako oroitzapenak gordetzen ditu?
Jose Antonio Uriarte: Ezerezetik abiatu ginen eta apurka-apurka ideia bat bakarrik zena errealitate bihurtu zen. Hasieran Elorrion zegoen ikastetxearen eraikina eta eskola publikoaren beheko solairu batzuk hartzen zituen. Lau tailerrekin hasi eta, apurka, zortzira heldu ginen.
Zergatik hartu zen Elorriotik Durangora aldatzeko erabakia?
J.A.U.: Urterik urtera eskaintza hobetzen ari ginen, baina horiek garatzeko azpiegitura egokiak falta genituen. Horregatik, oso garrantzitsua izan zen Durangoko azpiegitura berrietara etortzeko urratsa. Programa osoari balio erantsia eman zion.
Tailerrez gainera ezagutza orokorra ere lantzen duzue.
J.A.U.: Nire ustez ikastetxeak duen arrakastaren gakoetako bat da. Hezkuntza orokorra eta espezializatua uztartzen saiatzen gara. Irakasten denaren pisurik handiena tailerrek hartzen dute, baina kultura orokorra ahaztu gabe. Ikasleek hamasei-hamazortzi urte artean dituzte. Adin konplikatua da. Hemen bigarren aukera bat bilatzen dute eta itxaropenak asetzen saiatzen gara. Lanbide Ikastetxean espezializaziogaz batera eskola-graduatua lortu ahal da. Ikuspegi hori gurasoengan txertatzea ere garrantzitsua da. Pentsatzen dute: “Hain gazterik hasiko dira lanean?”. Bigarren bide hori irekita, arnasa hartzen dute.
Azken hiru urteak bakarrik ezagututa, zer du nabarmentzeko irakasle berrienak?
Sandra Begoña: Hasieran jendeak ez zuen garbi Durangaldeko Lanbide Ikastetxea zer zen. Azken urteetan zentroetako orientatzaileekin egon gara, eta ikastetxeko jarduna ezagutzera emateko ahalegina egin dugu. Hala ere, gurasoen arloan oraindik badago zeregina; etorkinen edo marginatuen ikastetxea dela uste dute batzuek. Ez da horrela. Ikasten jarraitzeko irakaskuntza arautuan dagoen beste bide bat da. Ostean, Batxillergora edo erdi mailako ziklo batera joan zaitezke. Bidea ez da hemen amaitzen. Asko dira eskola-graduatua ateratzen dutenak. Hainbat ikasle horregatik etortzen dira.
Zuk zeuk zelan bizi izan dituzu azken hiru urteak?
S.B.: Hasi nintzenean harritu ninduena eta oraindik harritzen nauena da ikasle ohiak bisitan etortzen direla, urteak joan eta urteak etorri. Zelan gauden galdetzen digute; eurak zertan dabiltzan… Titulurik lortu ez duten asko ere etortzen dira. Horrelakorik ez dut beste inon ezagutu.
Zergatik ote da?
S.B.: Normalean aurretik egondako ikastetxeetan esperientzia txarrak bizi izan dituzte eta ikasleak askotan motibazio barik etortzen dira. Lehenengo hileetan motibazioa lantzen saiatzen gara. Ilusioa berreskuratuta askoz errazago egiten da irakastea eta ikastea.