Asturiasen hil ziren lau bolondresak oroituko dituzte

Anboto 2012ko eka. 8a, 08:36

1987an erreskate lanetan hil ziren Gallastegi, Diez eta Verdes elorriarrak, eta Zabala garaitarra

 

\"\"

1987an erreskate lanetan hil ziren Gallastegi, Diez eta Verdes elorriarrak, eta Zabala garaitarra.

 

Euskadiko Laguntza Txakurren Taldeko lau kide helikoptero istripuan hil ziren duela 25 urte, Asturiasen. Erreskate batean zebiltzala jazo zen ezbeharra, Europako Gailurretan. Galdutako ume baten bilaketan jausi zen helikopteroa. Javier Gallastegi, Luis Angel Diez eta Lourdes Verdes elorriarrak eta Joseba Zabala garaitarra zihoazen bertan, euren txakurrekin. Beraiekin, helikopteroko pilotua, kopilotua eta Asturiasko Larrialdietako Koordinatzailea hil ziren. Urtemuga dela-eta, omenaldia egingo diete domekan han, Cangas de Onisen.

 

Taldeak jarraitu egin du

Taldea sortu eta lau urtera gertatu zen istripua. Elorrion ezarri zuen egoitza taldeak, eta kide gehienak Durangaldekoak ziren. Kolpe handia izan zen taldearentzat eta ingurukoentzat. Baina, aurrera egin eta gaurko eguneraino lanean jarraitu dute, mendian eta eraikinak jaustean pertsonak bilatzen.

 

Urteotan belaunaldi berriak gehitzen joan dira borondatezko proiektura, eta prestakuntzan aurrerapausuak eman dituzte. SOS Deiak zerbitzuaren bidez egiten dituzte irteerak, eta eguneko 24 orduetan daude funtzionatzeko gertu. Isileko lana egin arren, erreferentzia hartu dute erreskatearen alorrean.  Datorren urtean 30 urte beteko ditu Euskadiko Laguntza Txakurren taldeak.

 

\"\"

 

Omenaldira irteerak

Omenaldian ez dira laguntza taldekoak bakarrik egongo. Erdellak irteera eratu du, hildako bi mendi  talde horretako kide zirelako. Bihar goizean irtengo dute eta Europako Gailurretan ibilbide bat egiteko aprobetxatuko dute.

 

Garaitik ere taldean joango dira; bihar eguerdian ipini dute irteteko hitzordua. 60 lagun baino gehiagok eman du izena, azaldu dutenez. 

 

\"\"
“Helikopteroan nortzuk jaitsi zotz egin genuen”

 

Jon Mardones

Euskadiko Laguntza Txakurren Taldeko sortzaileetako bat izan zen. Taldean hasieratik geratzen den kide bakarra da. 60 urte dauzka, eta Bilbon bizi da.

 

Zu ere egon zinen Asturiaseko erreskatean.

Orain urrunetik begiratzen duzu, baina  une hartan trauma  potoloa izan zen. Izugarrizko kolpea izan zen.  Taldeagatik ere bai; zortzi ginen eta lau galdu genituen. Helikopteroan nortzuk jaitsi zotz egin genuen. Ni nintzen koordinatzailea eta walky-talkytik esan zidaten istripua gertatu zela aireratzean. Zerbait boluntarioa denean, ez duzu halakorik espero.

 

Kolpeari aurre egin zenioten...

Lehenengo eta behin pertsonalki gainditu behar izan genuen. Aspaldiko lagunak ginen. Talde moduan, asko kostatu zitzaigun jende berria topatzea eta txakur berriak heztea.

 

 

Taldeak iraun du. Ibilbide luzea daukazue.

Alemaniar bat asteburuetan etortzen zen hona erakustera. Alemanian egin genuen azterketa.  Galdakaoko Riotinto lehergailu fabrikako leherketa izan zen gure lehenengo operazioa. Gaur egun, taldea ona da eta luzarorako dagoela esango nuke. Pausu bat harago joan eta txakurraren psikologian barneratzen saiatu gara.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!