Bertoko produktuak ezagutarazteko 'oizegin.com' ataria sortu dute

Anboto 2012ko eka. 5a, 18:00

Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko hartu-emanak bultzatu gura dituzte, eta besteak beste, denda birtuala, elkarrizketak, eta azoken agenda ditu web guneak. Parte hartzera zabalik dagoela adierazi dute proiektuaren bultzatzaile diren Urkiola eta Lea-Artibai landa garapenerako elkarteek

Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko hartu-emanak bultzatu gura dituzte, eta besteak beste, denda birtuala, elkarrizketak, eta azoken agenda ditu web guneak. Parte hartzera zabalik dagoela adierazi dute proiektuaren bultzatzaile diren Urkiola eta Lea-Artibai landa garapenerako elkarteek.

 

Baserritarrei egindako elkarrizketak, produktuen informazioa, errezeta eta aholkuentzako tartea, agenda... Durangaldean eta Lea Artibain ekoiztutako produktuei bultzada emateko sortu dute Oiz egin! web gunea. Informazio eta erakusleihoa izatea gura dutela adierazi dute bi eskualdeetako landa garapen elkarteek. Berrikuntzen artean, baserritarren produktuak erosteko denda birtuala sortu dute.

 

Durangaldeko biltegia Abadiñoko Murueta baserrian egongo da. Astean banaketarako egun bi egongo dira: martitzenetan eta eguenetan. Produktu freskoak martitzenetan banatuko dituzte. Antolatzaileek azaldu dutenez, "produktuen freskotasuna eta kalitatea segurtatu gura dugu". Eskaerak egiteko azken egunak eguenak izango dira.

 

\"\"Ekoizle, kontsumitzaile eta sukaldarien iritziak

Plateruena Kafe Antzokian egindako aurkezpenean, eskualdeetako hainbat ekoizle, kontsumitzaile eta sukaldari batu dira.

 

Ekoizleek kontsumitzaileengana heltzeko ate berri moduan ikusi dute ekimena. Aitor Solozabal abeltzainak, esaterako,  web orria badaukala kontatu du, eta eragina igarri egin duela ikusi du; "jende askok deitu izan dit web gunea ikusi eta gero". Solozabalen berbetan, "Interneten mundua oso handia da eta asmatu egin behar da jendearen gustoko gauzak egiten". Etorkizunean erosketa geroago eta gehiago Internet bidez egingo direla uste du Solozabalek.

 

Mila Amillategi Mallabiko ortuari saltzaileak eta Maite Leanizbarrutia Elorrioko okinak ideia ona izan daitekeela ikusten dute, baina oraindik zalantzan dabiltza, ea interneten saltzen hasi edo ez. Amillategik Ermuko eta Eibarko fruta dendetara eroaten du generoa gehienbat, eta internet bidez bitartekari barik baino prezio altuxeagoan saldu ahalko duela pentsatzen du. Leanizbarrutiak dendetara saltzen du eta etxera etortzen zaizkio bila Berriztik eta Elorriotik batez ere. Kontsumitzailearengana heltzeko beste bide bat izan daitekeela diote biek.

 

Marisatsa produktu ekologikoen kontsumitzaile taldeko kideek "ekimen interesgarria" dela adierazi dute: "Produktu ekologikoek ekimenean lekua edukitzea espero dugu". Marisatsak berak antolatzen dituen azokak, hitzaldiak, katak... oizegin.com-en iragartzeko asmoa agertu dute.

 

\"\"Durangaldeko eta Lea Artibaiko hamaika jatetxeko sukaldariek atxikimendua adierazi diote Oiz Egin! egitasmoari, eta eurek ere badute lekua web gunean. Euren jatetxeen berri emateaz gainera, errezetak eta sukaldeko aholkuak eskainiko dituzte. Azaldu dutenez, bertoko ekoizleekin hartueman zuzena edukitzen ahalegintzen dira ahal duten heinean: "Polita da generoa nondik datorren jakitea, eta produktorea ezagutzea". Ostalaritza arloan ere bezeroengana urreratzeko moduak aldatu egin direla adierazi dute: "Bezeroa ez badator bezeroarengana irten beharko dugu gauza desberdinak egiten". Krisia dela eta, jatetxeetara jende gutxiago joaten dela kontatu dute: "Orain arte laino baten bizi izan gara, ez zen guztiz normala. Aldaketara moldatu behar gara orain".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!