Gazteak antzerkiaren mundura erakartzeko Markeliñek antolatu duen Zugan Ni lehiaketa irabazi du Bortz taldeak. Burdinezko Kutxa lanaren bidez krisiaren gaia jorratu dute. Lapurren azalean sartu eta krisia gizarteko txoko denetara heldu dela erakutsi dute: lapurrei ez zaie lapurtzeko ezer geratzen.
Argazkiko gazteek bigarren urtez jarraian lortu dute Zugan Ni antzerki lehiaketa irabaztea. Gogo eta ilusio handiz sortutako lana saritu izana pozgarria dela diote, baina eurek benetan estimatzen duten saria beste bat da: sormen lanean partekatu dituzten uneak eta sortutakoa jendaurrean erakusteko izan duten aukera, besteak beste.Beharbada, hortxe dago garaipenaren sekretua.
Beharbada ilusioz bizi dutena eszenatokian naturaltasunez transmitzeko ahalmena izan da Ganix Bereinkua (Durango, 13 urte), Egoitz Zabala (Dutango, 15 urte), Leire Boveda (Durango, 15 urte), Olatz Agirre (Iurreta, 15 urte) eta Itsasne Intxaurragaren (Durango, 15 urte) arrakastaren sekretua. Gazteak Irati Iturrateren gidaritzapean ibili dira.
Aurten Burdinazko Kutxa izeneko lana sortu eta aurkeztu dute lehiaketara. Antzezlanak krisiaren gaia jorratzen du, ikuspuntu bitxi batetik. Bost lapurren azal azpian sartzen dira gazteak. Jendeak gero eta ondasun gutxiago ditu krisiaren eraginez eta, ondorioz, lapurrak zer lapurturik ez dutela geratzen dira. Zer egin? Ba, amets egiten dute: “Imaginazioaren bidez toki imaginario eta hobe batzuetara bidaiatzen dute”, azaldu du Olatz Agirrek.
Gainera, zeharka bada ere, inmigrazioaren gaia azaleratzen du antzezlanak: “Munduko hainbat txokotara bidaiatzen dute eta toki berrietara heltzean zelan sentitzen diren azaltzen dugu”.
Aurtengo antzezlanak ez du testu askorik. Plastikotasuna darabilte gauzak adierazteko: objektuak, keinuak… Ikusiz ulertzen den lengoaia.
Sormen prozesuan, bat-batekotasuna izan da gakoetako bat. Gidoi eta ildo orokor batzuk jarraitu dituzte, baina itxita egon barik, lana aberastu ahal zuten ekarpenei atea zabalik: “Jokoen bidez ideiak bururatzen zitzaizkigun, uneoro irten zitekeen antzezlanera eramateko zeozer. Entseguak oso estimulagarriak izan dira alde horretatik”, dio Egoitz Zabalak.
Aktoreak epaile
Aurten gazteek eurek epaile lana ere egin dute. Besteen lana juzgatzeko eginkizuna ez zaie askorik gustatu, baina aurkeztu diren lanen maila handia azpimarratu dute: “Igorrekoek aurkeztutako obra asko gustatu zaigu.
Publikoarekin hartueman handia sortu dute eta dibertigarria izan da”, gogoratu du Leire Bovedak.
Iaz Brionia lanagaz irabazi zuten lehiaketa. Brionia izeneko alegiazko paradisu batera zihoazen bost lagunen tren bidaia kontatu zuten. Trenak istripua izaten du ibilbidearen erdian eta orduan Brioniara joan ez joan eztabaidatzen eta hausnartzen hasten dira.