Durangoko eta Elorrioko ikasleen ideiak saritu dituzte

Anboto 2012ko mai. 25a, 08:52

Durangoko ikasleek katering enpresa bat diseinatu dute, eta Elorriokoek telebista nahiz irratiko soinuak zeinuen hizkuntzara itzultzeko aparatu bat

Durangoko ikasleek katering enpresa bat diseinatu dute, eta Elorriokoek telebista nahiz irratiko soinuak zeinuen hizkuntzara itzultzeko aparatu bat.

 

Bizkaiko Foru Aldundiak ikasle ekintzaileei emandako sariak Durangaldera etorri dira. Negozio plan onena Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuko Iratxe Agirrek, Aner Arruabarrenak, Jon Monterok eta Mikel Fernandezek egin dute. Asmakizun onena, Elorrioko Institutuko Maider Lopezek, Ibone Ajuriak, Itsasne Blancok, Andoni Arroiok eta Gorka Blancok sortu dute. Egin eta Ekin sustapen-programan garatu dituzte ideiak. 

 

\"\"

 

Durangokoek, Kaiser Katering izeneko enpresa diseinatu dute. Proiektu ahalik eta errealena egiten saiatu dira. Iratxe Agirrek ekologia zaindu eta hemengo ekonomia bultzatzen dutela dio: “Kateringean bertoko produktuak bakarrik erabiltzeak bereizten gaitu”. Aner Arruabarrenari etorkizunerako balio izan dio lanak: “Oso ondo pasatu dugu, eta konturatu naiz Lidertza Ekintzailea ikasketak egin gura ditudala”. Hemendik aurrera pentsatzeko forma aldatu behar dela uste du Arruabarrenak: “Langabezian bazaude eta uste baduzu ona zarela zerbaitetan, hasi zuretzako lanean, inoren menpe egon barik”.

 

Elorriarrek, arazoak dauzkaten pertsonak laguntzea zuten buruan. Telebista eta irratitik emititzen diren berbak zeinu hizkuntzara itzultzeko aparatua asmatu dute. Maider Lopezek azaldu du arrazoia: “Gure lagun baten gurasoak gorrak dira, eta horregatik okurritu zitzaigun”. Soinuak irudika sailkatzen dira.  Ibone Ajuriak dio oso gustura joan direla Teknologiako klasera. Itsasne Blancok ere esperientzia polita eta dibertigarria izan dela adierazi du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!