Ikastaroetan parte hartu dutenen %85ek utzi dio erretzeari

Anboto 2012ko mai. 29a, 12:44

Amankomunazgoko ordezkariek ikastaroen aurtengo emaitzak azaldu dituzte Tabakorik Gabeko Eguna aurkezteko prentsaurrekoan

Amankomunazgoko ordezkariek ikastaroen aurtengo emaitzak azaldu dituzte Tabakorik Gabeko Eguna aurkezteko prentsaurrekoan.

 

Erretzeari uzteko ikastaro bi garatu dituzte aurten Amankomunazgoko Drogomenpekotasunen Prebentzio Zerbitzuan. 36 lagunek parte hartu dute, eta horietatik 30ek utzi dute tabakoa. Parte-hartzaileen %85, beraz. Udako oporren ostean, beste ikastsro bi eratzeko asmoa agertu dute arduradunek. Vicente Fernandez da Prebentzio Zerbitzuko zuzendaria: "Jendeak beldurra edukitzen dio sufritzeari, baina ondo eroan daitekeela ikustean, era positiboan amaitzen dute ikastaroa". Erretzeari uzteko aukera ematen dute, "era lasai eta ez-traumatikoan". Eguen honetan ospatuko da mundu mailan Tabakorik Gabeko Eguna, eta Durangoko Ezkurdin 16:00etatik 19:00etara ipiniko duten standean informazioa banatuko dute ikastaroetan izena emateko.

 

Ikastaroa amaitu eta urtebetera, erretzeari utzi zein ez, saio berri baterako konpromisoa hartzen dute parte-hartzaileek. Denbora igarota, tabakoa utzi dutenen tasa jaisten joaten da. Baina Fernandezek dio ez dela bakarrik denbora kontua, beste baldintza batzuk ere badaudela. Festetan ez erretzea, esaterako. Erabakiorrena, baina, arazo edo gertaera gogor bat erre barik pasatzeko gai izatea. "batzuek hiru urtez ez dute erretzen, eta susto bat edukitzean jausi egiten dira". Hain justu ere, Fernandezek dio erretzeari utzi diotenen tasa igo egin dela ikastaroetan emozioak lantzen hasi direnetik. Bestalde, aipatutako tasak behera egiten ei du jendea "mirarien bila" joaten denean. ""Ez dago magiarik; magia norbere baitan dago". Gaineratu du, asko "lelokeriengatik" hasten direla berriro erretzen.

 

Prentsaurrekoan azaldu dute urte osoan zehar ikastetxeetan hainbat saio eskaini dituztela drogen prebentzioaren inguruan. Ikasleekin eta gurasoekin landu dute gaia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!