Antsietatea kontrolatzea lortzeko egitasmoan parte hartzeko auketa izango dute 20 emakumek. Durangaldeko Amankomunazgoak hiru orduko 12 saioko ikastaroa abiatuko du irailean.
Emakumearen antsietatearen kontrola izenburupean abiatutako programa 20 urtetik 65 urtera bitarteko emakumeei dago zuzenduta, eta, emozioen autokontrola gehitzea eta psikofarmakoen kontsumoa gutxitzea edo uztea du helburu. Parte hartu gura duenak Durangaldeko Amankomunazgoko Drogomenpekotasun Prebentzio Zerbitzuan (Durangoko Askatasun Etorbidea 11n) eman dezake izena. Hautagaiei aurretiko elkarrizketa bat egingo zaie ekainean. 94 6290 05 20 telefono zenbakira ere deitu daiteke.
Gai horretan aditua den psikoteraupeuta batek gidatuko du doan eskainiko den ikastaroa, eta Durangaldeko emakumeen gustokoa izatea espero dute antolatzaileek, Durangaldeko Amankomunazgoko presidente Oskar Zarrabeitiak nabarmendu duenez. Parte hartzaileek zenbait baldintza bete behar dituzte: gitxienez sei hilabetean eta gehienez 10 urtean, psikofarmako ansiolitiko, antidepresibo edo hipnotikoak ohituraz hartzen dituen emakumeak izango dira; euren antsietate maila dela-eta horrelako psikofarmakoen menpe egoteko arriskuan dauden emakumeak ere onartuko dira. Era berean, ezingo dute patologia psikiatrikorik eduki ezta substantzia psikoaktiboen (alkohola, kokaina, opiazeoak... ) mendekotasunik izan ere ez.
Irailaren 18an hasiko da ikastaroa. Eskolak martitzenetan izango dira, 10:00etatik 13:00era, eta hiru zatitan banatuko da: osasunarekin zerikusia duten alderdiei buruzko prestakuntza, estuasunarekin zeirikusia duten alderdiei buruzko prestakuntza eta gizarte-trebetasun garapena.
Azaldu dutenez, bizitzan behin bada ere, hamar pertsonetatik batek espezialistarengana jotzen du estutasuna sentitzen duela-eta; horietariko bi herenak emakumeak izaten dira. Psikofarmakoak hartzea da arazoari aurre egiteko eskaintzen den irtenbide bakarra: "Horren jakitun, esku hartugura dugu, farmakorik hartu gabe estutasunari aurre egiteko lasaiketa tekinikak, autokontrola eta trebetasun emozionalak eta sozialak ikasteko aukera eskainiz", dio Zarrabeitiak.