Nerabeen ardurak asko dira: euren arteko hartuemanak, azterketak, alkohola, drogak... Ikastetxez ikastetxe egoera gaitz eta estresanteak kudeatzeko ikastaroak ematen ditu Virginia Belategik. Erain aholkularitza eta prestakuntza enpresan dabil lanean. Gazteekin lan egiteaz gainera, guraso eskolak eta oro har gizartearentzako ikastaroak ere eskaintzen dituzte.
Zuen proiektu nagusia gazteen osasun integralari begirako proiektua da.
Programaren leloa “Zeure osasuna zeure esku” da; hurrengo belaunaldiko gazteei guk izan ez ditugun baliabideak eskaintzea gura dugu, osasunaren arlo fisikoan, psikologikoan eta emozionalean, jabekuntza lor dezaten. Arlo fisikoan, lehen sorospenak eta prebentzioari buruzko oinarrizko kontuak lantzen ditugu. Arlo psikologikoan, egoera gaitzak eta estresa kudeatzeko bideak lantzen dira. Euren arteko hartuemanak eta emozioak kudeatzeko moduloa ere eskaintzen dugu.
Gazteekin gai hauek lantzeko beharra zelan sortu zaizue?
Premiaren premiaz. Erain sortu genuen profesionalok seme-alaba gazteak dauzkagu, eta euren premiak eta gabeziak ikusten ditugu. Haurtzarotik heldutasunera euren bidea egiteko baliabideak eskaini gura ditugu. Guraso eskolak ematen ere bagabiltza, gurasoon premiei erantzuteko. Niretzako oso aberasgarria da etxean daukadana eta lanekoa elkar elikagarriak izatea. Lanean eta etxean landutakoak eguneroko praktika bihurtzen dira.
Gazteek zelako jarrerarekin hartzen zaituzte? Interesa daukate?
Zentroen arabera izaten da. Batzuek landuta daukate eta badakite zertara goazen, eta beste batzuek ez; eurentzako matematikak eduki ordez gu goaz. Hasieran arreta galduta egoten dira, eta notarako ez denez paso egiten dute holakoetan. Saio amaierarako, aldiz, berriro noiz joango garen galdetzen digute. Ikusten dugu premia badagoela, azkenean gai batzuek engantxatu egiten dituztelako ikasleak.
Zer gaik engantxatzen dituzte?
Euren sasoiko gaiak dira drogak, alkohola, euren arteko harremanak... Larrialdien aurrean zer egin ere lantzen dugu; albokoak larregi edan badu zer egin, adibidez. Abiapuntua izaten da: “Zer da zuentzako estresantea eta zeintzuk dira zuentzako egoera zailak?”. Ikasketetako gainkarga, gurasoekin dauzkaten arazoak eta lagunekin izaten dituzten iskanbilak izaten dira euren ardurak, eta gai horiek lantzen ditugu. Gidoia eroaten dugu, baina gero ikasleek esaten dutenaren arabera, norabidea aldatzen du saioak.
Zelakoak izaten dira gurasoekin izaten dituzuen saioak?
Niri oso esperientzia polita iruditzen zait, guraso naizen heinean asko ikasten dudalako. Gurasoen ardura handiena komunikazioa izaten da; ez dakigula eurekin berba egiten, ematen duela ez gaituztela aditzen... Hori da batez ere jorratzen duguna. Eta gero gurasook guk geuk ditugun estres egoerei ere zelan aurre egin, horiek lantzen ditugun heinean familia ingurua ere osasuntsuago eta lasaiago egongo da-eta.
Zelan samurtu daiteke komunikazio hori?
Jokabide asertiboak lantzen ditugu; gurasook seme-alaben aurrean daukagun jarrera zein den aztertzen dugu. Gure jarrerak baldintzatu egiten du seme-alabekin dugun hartuemana. Gurasook gure burua lasaitu, gure mezuek zer eragiten duten ikusi, eta mezu positiboagoekin zer lortuko genukeen aztertzen dugu. Gure arteko rol jokoekin lantzen dugu hori, eta konturatzen gara guri jokabide batekin edo beste batekin etorri, gure erantzuna oso desberdina izaten dela. Gure lanean Gestalt-aren eta programazio neurolinguistikoaren oinarri teorikoak hartzen ditugu.
Estutasunei aurre egiteko aholku praktiko bat?
Hainbat faktore egongo dira lantzeko dauzkagunak, baina benetan gai izango bagina zerbait gertatzen zaigun bakoitzean arnasa hartu, eta horri buruz pentsatzen hasteko tarte bat hartzeko, gauzak beste era baten ikusiko genituzke. Deskonektatuta gaude arlo fisiko horretatik; oso bizkor bizi gara; gehienok, saturatuta. Oso arnas laburragaz ibiltzen gara, eta estres egoeratan hori areagotu egiten da. Arnasak gelditu egiten zaitu, oxigenatu egiten zaitu eta zabaldu egiten dizu burua, gauzak beste era batera ikusteko.
Momentu honetan zer daukazue eskuartean?
Ikastetxeetako ikasturtea amaituta dago, eta bagabiltza gazteei eta begiraleei lehen sorospenetarako ikastaroak ematen. Udara begira, gainera, UEUgaz ikastaro bat eskainiko dugu publiko orokorrarentzako. Egoera zailei aurre egiteko baliabideei buruzko ikastaroa izango da eta Baionan emango dugu. Matrikulazioa zabalik dago, eta jendea animatzen dut, oso giro ona egoten da-eta.