Astegunetan hiru joan-etorri aurreikusi dituzte; udal biak zerbitzua nahikoa den aztertzen ari dira.
Datorren urteari begirako plangintza lantzen ari da Bizkaibus eta aurreproiektuan Mañaria eta Izurtza Bilbogaz lotuko dituen autobusa ipintzea ere aurreikusi dute. Horrela, 2013an Bizkaibusek lehenengoz eskainiko luke autobus zerbitzua udalerri bietara.
Aurreproiektuaren berri jakitean, udal ordezkariek informazio zehatzagoa eskatu diote Bizkaibusi. Konpainiaren erantzunaren arabera, astelehenetik ostiralera egunean hiru joan-etorri eskainiko dituzte. Bizkaibusek Bilbo eta Durango zuzenean lotzen dituen autobus zerbitzua du (autobidetik doana) eta zerbitzu horretako hiru autobus Izurtza eta Mañariara luzatzea aurreikusi dute. Beraz, honako hau izango litzakete ibilbidea: Bilbo-Iurreta-Durango-Izurtza-Mañaria. Bizkaibusek oraindik ez du jakinarazi joan-etorri horien ordutegia zein izango den.
Helegiteak lantzen
Datozen asteetan aurreproiektuari helegiteak ipintzeko epea irekita dago. Horiek lantzeko autobusen ordutegia jakitea garrantzitsua dela uste du Luis Jose Ballarin Izurtzako alkateak: “Horrela, Gasteiz eta Durango lotzen dituen Continental konpainiaren ordutegiagaz alderatuko genuke, ordutegiak bateragarriak diren edo ez jakiteko”.
Gaur egun, Continentalek astegunetan egunean zazpi autobus eskaintzen ditu noranzko bietan eta lau asteburuetan.

|