2010ean beharrizana zuten 450 familia lagundu zituen; 2011n 604 familiak eskuratu zuten laguntza.
Janaria erosi, jaso, garraiatu eta poltsak egin. Kalebarriako lokalean eten barik errepikatzen den jarduna da JAEDentzako (Behartsuei Laguntzeko Batzordea Durangaldean). Elkarteak zuzen-zuzenean nabaritu du krisiaren eragina: “Lanez gainezka gaude, inoiz baino elikagai gehiago banatzen gabiltza”, azaldu du Iñaki Gorritxategik, JAEDeko kideak. Datuek ez dute zalantzarako tarterik uzten: 2010ean 450 familia lagundu zituzten. 2011n, berriz, 604 familia. Beraz, %26 igo da elkarteak urtebetean emandako laguntza.
49 urte lanean
JAED 50. urteurrenera iritsiko da laster. Elkartearen hastapenetan, Durangoko gaixoak zaintzera joaten zirenean familia haiek bizi zuten egoera larria ikusi zuten. Berehala, laguntza ematea erabaki zuen. 1963. urtea zen.
Elkartea ezagutzera emateko JAED izena eskuorrietan idatzi eta herri osoan bota zituzten. Espaloiak ere margotu zituzten. “Batzuek uste zuten JAED siglek, Jose Antonio Agirre que en Paz Descanse esan gura zutela”.
Gizartearen aldaketetara moldatzen jakin du elkarteak. Dibortzio legea onartu zenean banatutako emakume askori laguntzen hasi ziren. Inmigrazioaren hazkundeagaz, ostera, laguntza eskaintzen dieten etorkinen kopuruak ere gora egin du.
Laguntza hori guztia eman ahal izateko, Durango eta Iurretako udalen eta Tapia Fundazioaren diru-laguntza jasotzen dute. Horrekin ez dute nahikoa, eta baliabide ekonomikoak handitzeko hainbat ekimen antolatzen dituzte. Jaietako zapiak eta loteria saltzen dute, adibidez. Elkartearen bazkideen eta Durangoko Rastrilloaren laguntza ere badute.
Gabon sasoian, JAEDek kalera ateratzen du isilean egiten duen lana. Andra Marian ongintza zozketarako standa jartzen dutenean jendaurrera ateratzen dute jarduna. Baina, lana urte osokoa da, eta 49 kide dira dagoeneko.
Diskrezio osoz
Krisiarekin etorkinak bakarrik ez, bertokoak ere txarto pasatzen ari dira: “Familia osoak ari dira bizitzen aitita-amamei esker. Hemengoei, baina, kosta egiten zaie laguntza eskatzea”. JAEDera jotzen dutenek elkartearen diskrezio osoa dute. “Janaria poltsetan banatzen dabiltzanek ere ez dakite norentzako diren”.
JAEDek astero erosten dituen elikagaiez gainera, Elikagaien Bankuko
Lan horretarako hamabi laguneko lantalde finkoa dauka. Ekimen zehatzak antolatu behar direnean, 60 laguneko taldea mobilizatzen du. Hala ere, pertsona bakarra du kontratatuta: Cobadonga. Pinondoko bulegoan astelehen eta eguenetan 16:30etik 18:30era laguntza jaso gura duten pertsonak jasotzen ditu. Geroago eta hilara luzeagoa sortzen da bere bulegoko atean.
“Laguntzak jasotzeko baldintzak oso zorrotzak dira”, adierazi du. Janaria jasotzeko, hilabete bi erroldatuta egoteaz gainera, bizitza laborala eta bestelako dokumentuak eskatzen dituzte. Laguntza ekonomikorako, urte bete erroldatuta egon beharra dago.
Janariari dagokionez, poltsak geroago eta osatuagoak dira. “Umeak dauden familietan laguntza berehalakoa da. Elikagai poltsetan pardelak, esnea eta zerealak jartzen ditugu, baita produktu freskoak eta oilaskoa ere”.
|