Osasunagatik urgentzia sozialean dauden pertsonentzako eta menpekotasuna duten pertsonen zaintzaileentzako laguntzak zehaztu dituzte, besteak beste. Etxez etxeko laguntzarako iaz baino % 8 gehiago bideratuko ditu Amankomunazgoak.
Irizpide berriekin, pertsona nagusiek eta sozialki ahulek astean bi orduko laguntza izan ahalko dute. Osasunagatik urgentzia sozialean dauden pertsonek, menpekotasunaren balorazioa oraindik lortu barik daukatelako, esaterako, egunero ordu biko laguntza eduki ahalko dute. Gizarte hezkuntzan esku hartzeko egoeran dauden familiek, gehienez hilean 22 orduko laguntza. Horrez gainera, Zaindu programan parte hartzen duten zaintzaileentzako laguntza eskainiko dute eta eguneko zentroa eta etxez etxeko laguntza zerbitzuetarako ordu gehiago bideratuko dira.
Amankomunazgotik adierazi dutenez, etxez etxeko laguntzarako 1.350.000 euro bideratuko dira datozen bi urtetan.
Guztira 2012an eta 2013an 661.532 euro bideratuko ditu Amankomunazgoak gizarte zerbitzuak garatzeko. Zerbitzu horien baitan daude: Arrisku egoeran dauden familia, gazte eta umeentzako arreta psikosozialeko programak eta genero indarkeria jasan duten emakumeentzako arreta psikologikoa (48.632 euro), menpekotasunak dituzten pertsonen zaintzaileentzako Zaindu programa (49.680 euro) eta pertsona nagusiak dinamizatzeko eta menpekotasuna dutenei arreta zerbitzua eskaintzeko lana (235.980 euro).
Horrez gainera, gizarte larrialdietarako 349.121 bideratzea erabaki du Amankomunazgoak.