Atletismo pistarako ekipamendua erosiko dute

Anboto 2012ko api. 15a, 08:30

Besteak beste, pertikarako koltxoneta eta jaurtiketa kaiola eskuratuko dituzte

Besteak beste, pertikarako koltxoneta eta jaurtiketa kaiola eskuratuko dituzte.

 

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak atletismo pista kirol-ekipamendu berriekin hornitzeko kontratua adjudikatu du. Pertika-jauzirako koltxoneta berria eta jaurtiketa-kaiola erosiko ditu, 68.597 euroko aurrekontuagaz.

Gainera, ekainean  kirol instalazioa barrutik eta kanpotik berriztuko dute. Azken lan hauen kostua 250.000 eurokoa izango da. “Hainbat urtetan jardunean egon eta gero, instalazioetan beharrezkoak diren berrikuntza garrantzitsu batzuk egiteko ordua heldu da”, azpimarratu du Oskar Zarrabeitiak, Amankomunazgoaren presidenteak.

 

Material berriak eta berrikuntza-lanak Amankomunazgoak dituen baliabide propioekin ordainduko dituztela jakitera eman dute, eta udalek ez dute ordainketa gehigarririk egin beharko Amankomunazgoaren presidentearen berbatan.

 

Gehien erabiltzen dena

“Durangoko atletismo pista Bizkaian eta Euskal Herrian gehien erabiltzen dena da, eta estatu mailan erreferentzia bat da”, azaldu dute Amankomunazgoko arduradunek. Pista homologatu honetan, kirol ekintza ugarirentzako aukera dago: atletismoa, jaurtiketak, altuera-jauziak eta abar. Instalazio hauetan Bizkaiko eta Euskal Herri osoko hainbat froga antolatzen dituzte.

 

“Kirol-esparru oso aktiboa da eta asteburu askotan bertan antolatzen diren frogekin gozatzeko aukera izaten dugu. Horregatik, nabaria da gure kirolaren aldeko apustua, are gehiago eskualdeko kirolari ugarik erabiltzen dituzten instalazio hauek ditugunean. Eskola umeek eta Bidezabal taldeak entrenatzen dute hemen”, azaldu du Zarrabeitiak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!