Lore terapien alorrean lan metodo berri bat eta \'Hirutasun Esentziak\' deitutako lore esentziak sortu ditu Carmen Romanellik. Asteon hitzaldiak eman eta gero, asteburuan tailerrak eskainiko ditu Zornotzan, apirilaren 14an etan 15ean, Jauregibarriako Ingurumenaren Etxean.
Zelan egiten dute lan Hirutasun Esentziek?
Lore esentziek guk berez barnean dauzkagun gaitasunak indartzeko balio dute. Gure gorputzaren inguruan energia daukagu eta, urteak pasatuta, berau zaintzea ahaztu dugu. Naturan dagoen energia eta guk daukaguna bat dira. Esentziek, energian eragiterakoan, gure aldartean ere eragiten dute, orekara eroan, eta horrek eragina dauka gaixotasunetan, sarritan somatizatu egiten ditugulako.
Energiei buruz zabiltza berbetan...
Txinatarrek osasuna eta energia lotzen dituen teoria daukate, eta haren bidezko tratamenduak erabiltzen dituzte. Eurek ondo aztertuta daukate energia kanalak zelan bideratu eta akupuntura egiten dute. Baina, gizartean esaten da hori ezin dela zientifikoki frogatu eta akupuntura, homeopatia, esentziak... engainu moduan hartzen dira; energia bidezko terapiekin zerikusia daukan edozer. Medikuntza txinatarrean dute oinarria, eta gorputz-energian eta gorputz barruan ere eragiten dute. Metodoak, beste medikuntzari kontrajarriak barik, osagarriak dira.
Zer abantaila dauzkate esentziek?
Energia eremu horren alderdi arinenak arimarekin, gogoarekin, dauka zerikusia. Beharrezkoa da guretzako atal hori, baina beragandik oso bananduta gaude. Pertsona batzuentzako horrek ez dauka zentzurik, baina niretzako bai, horrek ematen diolako bizitzari zentzua, bestela beste barik bizitza biologiko bat izango litzateke. Baina ez: bizitzak eta kreazioan dagoen guztiak helburu bat dauka.
Zein da zuretzat bizitzaren zentzua?
Helburua, zarenarekin bat etorrita bizitzea da. Sentitzen eta pentsatzen duzunarekin bat etorrita biziz gero, besteak errespetatzen dituzu, beharrizanak beteta dauzkazu..., dena ondo dago. Kosta egiten da naturatik banandu egin garelako, baina berak garenera buelta gaitzake. Nire helburua gizakiari naturagandik banandu eta gero galdu duena bueltatzea da.
Zelan lotu dituzu lore esentziak gaitasun horiekin?
Natura nik ulertzen dudan moduan ulertuko bazenu, gauza bera egingo zenuke. 25 urte ibili naiz Bach loreekin lanean, eta horren inguruan egiten zebiltzan lana ikusi nuenean, erretiratu egin nintzen eta nire kontura hasi nintzen ikerketak egiten. Esentziei barra kode bat ipini zieten eta terapia bibrazional baten ezin dituzu esentziak erradiatuta dagoen zerbaitekin ipini. Negozioa egiten hasi ziren eta nik ez dut horrela lan egin gura. Sistema guztiz aldatu dut. Hemengo loreekin egindako esentziak sortu ditut. Hemen gauza oso interesgarriak dauzkagu, ez dugu zertan beti kanpora begira ibili.
Oso esentzia desberdinak dira?
Guztiz. Bach loreek emozioen arloan lan egiten zuten, baina horretarako lan terapeutiko bat ere egin behar da. Esentzia hauek sakonean eragiten dute eta terapia guztiak indartzen dituzte, inteligentzia hori dutelako. Gure memoria zelularrean dago dena idatzita. Gugan konfidantza, erabakiak hartzeko gaitasuna, afektibitatea bizitzea... Guk berez dauzkagun gaitasunak indartzen laguntzen dute. Medikamentu batek ezin dizu lagundu zure burua hobeto ezagutzen.
Zertan eragiten dute esentziek?
Esan genezake esentzia bakoitzak gizarteko esparru bat hartzen duela. Esaterako, eguzki-loreak jakinduriari buruz berba egiten du, eta batez ere emakumeei begirako esentzia da. Arkakaratsak itxaropena itzultzen laguntzen du: gaixotasun kronikoak dituzten pertsonentzako lagungarria izan daiteke, borroka etengabeak eragiten duen nekea kentzen lagundu dezake. Salbiak sexualitateagaz dauka zerikusia. Astuzkerrak, orekan laguntzen du: desoreka izaten dugu gauzei ez diegulako joaten uzten, gainean daroatzagu itzalak, minak, kiloka eta kiloka... Astuzkerrak askatzen laguntzen du, zikloak zarratzen.
Zelan lortzen dute esentziek aldaketak eragitea?
Orokorrean esentzia bakoitzak mundu bat dauka, baina denek lagundu zaitzakete. Eboluzionatzen eta geure burua hobeto ezagutzen lagunduko digute, eta prozesu bakoitza pasatzen, pasatu direla onartzen, enkistatuta geratu barik.
Amatasunaren alorra landu duzu bereziki.
Niretzako oso garrantzitsua den zerbait da, eta uste dut gizartearentzako ere funtsezkoa izan beharko litzatekeela. Beste modu batera erditzea, haurdunaldia zaintzea... Ia min bako haurdunaldiak eta erditzeak lortu daitezke loreek gorde duten jakinduriarekin.