Sindikatuen arabera grebak Durangalde osoa geldiarazi du

Anboto 2012ko mar. 30a, 09:12

Goizeko lehen ordutik jarraipena arlo guztietan erabatekoa izan dela esan dute sindikatu guztiek

Goizeko lehen ordutik jarraipena arlo guztietan erabatekoa izan dela esan dute sindikatu guztiek.

 

Sindikatuek arrakastatsutzat jo dute martxoaren 29ko grebaren jarraipena Durangaldean. Patronalak eta Eusko Jaurlaritzak adierazi dutenez, ostera, %60k egin du greba Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala ere, ez dute Durangaldeko daturik eman.

 

Zerbitzuen sektorean, denda eta taberna ia guztiak zarratu zituzten atzo. Eroskiren kasuan, Elorrioko Fundazioa zein biltegia itxi egin zituzten. Merkatal zentro handi nahiz denda txikiak ere itxita egon ziren goizean goizetik. Industria arloan, ekoizpena eten egin zuten. Inyectametal, Estampaciones Bizkaia, Layde, Smurfit Kappa Nervion, Fuchosa eta beste hainbat enpresa handitan, ez zuten aterik zabaldu.

 

 

Administrazio publikoan, garraioan, osasun zerbitzuetan  eta hezkuntzan, gutxieneko zerbitzuak bete zituzten. Baina, Durangaldeko udal eta ikastetxe guztiek egin zuten bat grebagaz.

 

Sindikatuen iritzia

“Grebak jarraipen historikoa izan du Durangaldean”, azaldu du Uribarri Irigoras ELAko ordezkariak. “Erreforma bortitza izan dela eta langileak egoeragaz kontzientziatuak daudela dio ELAk: “Enpresaz enpresa asanbladak antolatu ditugu erreformak zein ondorio izango dituen azaltzeko”.

 

LABeko ordezkari Eulate Zilonizaurrekoetxeak grebaren jarraipena “osoa” izan zela adierazi du.  Goizean goizetik dena itxita egon zela azaldu du: “Euskal Herriko langileriak argi eta ozen esan du ez gaudela haien menpe egoteko prest eta bertan erabaki nahi dugula bai gure etorkizun politikoa zein ekonomikoa”.

 

CCOOeko Roberto Garciak adierazi duenez, “Durangaldeko langileek grebagarenganako atxekimenduagaz adierazi dute lan erreforma inposatzearen kontra daudela”. Neurri hauek ez dute egoera ekonomikoa konpontzeko balio Garciaren berbatan.

 

Mauricio Garcia UGTko ordezkariaren iritziz, Ermutik Zornotzara “dena gelditu” zen grebagaz. “Langileek kalera irten gura izan dute urteotan eskuratutako eskubideak kendu dizkietelako”.

 

CNTk ere grebaren jarraipena eskualdean zabala izan dela azaldu du. Goizean sindikatuko kideek antolatutako pikete informatiboen arabera, komertzio gehienak itxita zeuden.

 

Tentsio uneak

LABek eta CCOOek adierazi dutenez, goizean antolatutako pikete informatiboetako hainbat kide identifikatu eta kolpatu egin zituen atzo Ertzaintzak Cafes Baque enpresan. Pikete informatiboek “errespetu osoz” jardun zutela-eta, Ertzaintzaren jarrera salatu dute bi sindikatuek. CNT-k dioenez, tentsio uneak sortu ziren goizean denda baten aurrean, Ertzaintzak pikete batean ibili zen gazte bat lurrera bota zuenean. 

 

 \"\"

 

 

 

Lan erreformaren aurka batu dira Durangon eta Elorrion

 

ELA eta LAB sindikatuek hainbat gizarte eragilegaz bat egin eta manifestazio jendetsuak antolatu zituzten atzo arratsaldean Durangon eta baita Elorrion ere, Raxoiren gobernuak martxan jarritako lan erreformaren kontra protesta egiteko.

Goizean, Bilboko manifestaziora joateko Durangotik ipinitako hamabi autobusak bete egin ziren, eta batek baino gehiagok autoz joan behar izan zuen. Antolatzaileen esanetan, 25.000  lagun batu ziren Bilboko protesta ekitaldian. Hiriburuetako mobilizazioak arrakastasuak izan direla diote sindikatuek eta gobernuari atzera egiteko eskatu diote. Raxoiren gobernuak aurreratu duenez, ez dute lan erreformagaz atzera egingo.
Fumbarri

Fumbarri enpresan elkarretaratzea antolatu zuen LABek atzo goizeko 11:00etan enpresa honetan absentismoagatik egindako kaleratzea salatzeko. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!