“Madrildik inposatutako erabakiak” salatu dituzte koalizioko zinegotziek.
Martxoaren 29rako sindikatuek deitutako greba orokorragaz bat egin du Durangaldeko Bilduk. Koalizioak Zaldibarko udaletxean eman ditu bere erabakiaren arrazoiak. "Euskal Herriko beharginek urteetan zehar beraien eskubideen alde emandako aurrera pausu guztiak ezerezean uzten dabil Rajoyren gobernua". Gaineratu duenez, "Madrildik inposatutako erabaki hauekin etorkizun barik eta indefentsio egoeran uzten ditu herri honetako beharginak". Gazteak eta emakumeak sektore kaltetuenetakoak direla ohartarazi du Bilduk.
Jarduera etetea
Grebagaz bat egin eta martxoaren 29an ez duela jarduera politiko-instituzionalik garatuko adierazi du Bilduk. “Gure esku dagoen lekuetan, egun horretarako aurreikusita zeuden batzarrak bertan behera utziko ditugu, eta oposizioan gaudenetan, deialdiak bertan behera uzteko eskatuko dugu”. Gaineratu dutenez, “batzarrekin aurrera egiteko asmoa balego, ez dugu bertan parte hartuko”.
Herritarrak bere erabakiaz informatuko dituztela adierazi dute, eta sindikatuekin ekimenak adosteko atea zabalik utzi dutela.