ELAk gaur goizean emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, “oraingo hau inoizko lan-erreformarik gogorrena da”. Erreforma guztiz antidemokratikotzat jo du gainera, “ez delako eztabaidarik egin”.
Azken urte eta erdian lau lan-erreforma egin direla gogoratu du uribarri irigoras ELAko ordezkariak. Gobernuak neurri hau “ezinbestekoa” dela dioen arren, aldi baterako kontratuak gehitu egin direla, soldatak jaisten ari direla eta langabezia tasa handitzen doala diote: “Politika krisi sakonean amildu da, botere ekonomikoen esanetara dago goitik behera".
Egoera honen aurrean, ELAk hiru ildotatik lan egingo duela azaldu du: lehenengo, alternatiba sozial eta ekonomiko baten alde egin gura du; bigarrena, mobilizazioa, "horixe baita uzten diguten tresna bakarra parte-hartze sozialerako"; hirugarrena, enpresak sindikatzea, "dena araugabetzeko joera nagusitzen ari den honetan funtsezkoa delako gure posizioa indartzea enpresetan".
Mobilizazioa dela “tresna” bakarra iritzita, martxoaren 29an Bilbon eta Durangaldean antolatuko diren protestetan parte hartzeko dei egin dute.
Autobusen ordutegiak 09:30ean egingo den manifestaziorako:
08:00etan Elorrion eta Ermuan
08:30ean Durangon eta Gernikan
08:45ean Zornotzan
Autobusen ordutegia 11:45ean egingo den manifestaziorako:
10:15ean Elorrion eta Ermuan
10:45ean Durangon eta Gernikan
11:00etan Zornotzan