Durangaldea krisiak gogor kolpatu duela nabarmendu du LABek martxoaren 29rako deitutako greba orokorragaz bat egitera deituz egindako agerraldian. Sei urtean Durangaldean langabezi tasa \'hirukoiztu\' egin da.
Emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian %7 baino gehiago igo zuen, urtarrilean: "Krisiaren hasieratik igoerarik bortitzena izan da. Otsailean, beste %2,6ra igo zen, 211.274 langabetura helduz". Gazteen kolektiboa dela "zigortuena". Argitu dutenez, "aurreko hileekin alderatuz 25 urtetik beherako gazteen artean langabezia %6,2 igo da; 20.000 gazte baino gehiago da langabezian".
LABek nabarmendu dutenez, "azken hiru urteotan, ustez krisitik irtetzeko, egin diren lege aldaketaren eta hartutako neurri gogorren ondoren, are eta okerragoa eta larriagoa da inguruan bizi dugun errealitatea". Dioetenez, "produkzioaren eta eteknik ekonomikoen mesedetan jarri gaituzte": "Madril, Gasteiz eta Iruñako gobernuek kapitalaren mesedetan jarri dituzte politika sozial eta ekonomikoak, herritar eta langileak eskubiderik gabe utziz".
Lan dinamika langabetuekin
Langabezia, prekarietatea, lana bilatzeko ezintasuna... "eguneroko ogi" bihurtu dutela ikusita, eta kolektiborik kaltetuena langabetuak izanik, "borrokatzera" deitu du LABek: "Langabetuak ez gara albisteetako zenbaki edo ehuneko soil bat... pertsona gara gure arazo eta egoera pertsonal propioekin, baina, batez ere, lanerako eskubidea dugun pertsonak gara".
Horretara, langabetuen inguruko dinamika bultzatuko du LAB sindikatuak, arazo horri aurre egiteko. Apirilean hainbat eragilerekin egongo da LAB hiru puntuko idatzi bat adosteko: Lana eta aberastasunaren banaketa; langabeziagaz bukatzeko udal agintari eta politikariei, erabaki eta politika zehatzak ezartzeko eskatzea; eta, Durangaldeko langabetu, hainbat eragile zein gaiak arduratzen duen herritar orori deia luzatzea eskualde mailako "dinamika erraldoi bat" abian jartzeko.
Arrazoiak badaudela ikusita martxoak 29an deituta dagoen greba orokorrean "zuzenean" parte hartzera ere deitu ditu LABek Durangaldeko langabetu eta petsona guztiak.