Garun-paralisia duen gazte baten alde tapoi bilketa

Anboto 2012ko mar. 11a, 11:14

Eskoriatzakoa da eta Mañaria eta Izurtza ere ari dira behar duen finantziaziorako bilketa egiten

Eskoriatzakoa da eta Mañaria eta Izurtza ere ari dira behar duen finantziaziorako bilketa egiten.

 

Aratz Aldaik zazpi urte ditu eta eskoriatzarra da. Garun-paralisiagaz jaio zen eta gurpil-aulkian ibili behar du. Horrek bizi den etxebizitza osoa bere egoerara egokitu beharra dakar eta finantziazioa lortzeko plastikozko tapoien bilketa ipini dute martxan. Eskoriatzako erakundeek, komertzioek, elkarteek eta norbanakoek laguntzen dute bilketan. Elkartasun modura, ekimen hori bera Mañaria eta Izurtzako udaletan ere abiatu dute.

 

Ekimenaren bidez, guztira, zortzi tona tapoi batu  dituzte orain arte. Helburua 30 tona batzea da, etxebizitzako komuna Aldairen beharrizanetara egokitzeko adina diru batzeko.

 

Eskoriatzako Udaleko gizarte langilea, Beronika Solaguren, arduratzen da Mañaria eta Izurtzan dauden kaxetatik noizean behin tapoiak batu eta Arrasaten dagoen almazen orokorrera eramateaz: “Joaten naizen bakoitzean kaxa beteta aurkitzen dut. Autoko maletategia lau bat bider beteko nuen tapoi poltsekin”. Udal beharginek eta hainbat herritarrek eramaten dituzte tapoiak eta oso pozik daude erantzunagaz. Burgos eta Errioxatik ere ekarri ei dituzte tapoiak. Ekimena Durangaldeko beste udal zein komertzioetara ere zabalik dagoela adierazi dute eta interesdunentzako helbide elektronikoa eskaini dute: beronika@eskoriatza.net.   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!