Enpresei ingurugiro araudiak betetzeko aholkularitza

Anboto 2012ko ots. 29a, 13:14

2008ko azterketa baten arabera, Durangaldeko enpresen erdiak ez dauka jarduera lizentziarik, eta hori gehienbat Europako Batasunak ezarritako ingurugiro araudiak ez betetzeagatik da

2008ko azterketa baten arabera, Durangaldeko enpresen erdiak ez dauka jarduera lizentziarik, eta hori gehienbat Europako Batasunak ezarritako ingurugiro araudiak ez betetzeagatik da.

 

Neurri horiek betetzeko aholkularitza emango zaie 2012an ehun enpresari eta 2013an beste ehuni. "Ingurugiroaren araudiak betetzen ez dituzten enpresen aurrean administrazioek bi bide dauzkate: zigortzea eta kontrolatzea edo araudiak betetzeko baliabideak bilatzen laguntzea". Behargintzako zuzendari Augusto Uriarteren berbak dira horiek. Behargintzaren bidez, Amankomunazgoak enpresa ertain eta txikiei ingurugiro araudiak betetzeko aholkularitza eskainiko die.

 

Duela lau urte egindako diagnostikoaren arabera, eskualdeko enpresen % 50k ez dauka jarduera lizentziarik, eta egoera legeztatzeko beharrezkoa dute ingurugiro araudiak betetzea. Amankomunazgoak 2010ean esperientzia pilotu bat egin zuen enpresa batzuekin, eta aurten eskualdeko 100 enpresetara zabalduko dute zerbitzua. Udalek aukeratuko dute zein enpresari eman zerbitzua, Ondoan enpresa aholkulariaren laguntzagaz. Ondoan-eko Teresa Tejerok adierazi duenez, "behar gehien duten enpresak zeintzuk diren hartuko da kontutan".

 

Erkuden Arrastua Behargintzako teknikariak azaldu duenez, 2010eko esperientzia pilotuan diagnostikoaz gainera jarraipena egiteko premia ikusi dute: "enpresa txiki askok ez dakite neurriak hartzeko abiapuntua zein den eta legeen ezezagutza dutenez, laguntza behar dute jarraipenean".

 

Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak enpresen lehiakortasunean lagundu gura dutela nabarmendu du: "Durangaldeko enpresa sarea mantendu gura dugu, eta horretarako beharrezkoa da lizentziak legeztatuta izatea". Amankomunazgoan astelehenean onartu zituzten aurrekontuetan 102.416 euro gorde dira zerbitzu honetarako. Europako Fondo sozialen diru laguntza dauka Amankomunazgoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!