Jantoki sozialaren proiektuari ekitea onartu dute Amankomunazgoan

Anboto 2012ko ots. 28a, 09:21
6.893.000 euroko aurrekontua onartu dute EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. Bilduk kontra bozkatu du, aurrekontuak ez diela \'Durangaldearen beharrei erantzuten\' arrazoituz

6.893.000 euroko aurrekontua onartu dute EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. Bilduk kontra bozkatu du, aurrekontuak ez diela "Durangaldearen beharrei erantzuten" arrazoituz.

 

Iazkoa baino %2,9 gutxiagoko kopurua jasotzen du aurrekontuak. "Murrizketa honek ez du esan gura Amankomunazgoak herriei eskaintzen dizkien oinarrizko zerbitzuak mugatuko direnik; gastu eta sarreren arteko oreka landuz udalen diru ekarpena arintzea gura izan dugu", adierazi du Oskar Zarrabeitia presidenteak. Aurrekontu horri lehenengo kreditu-aldaketa egin zioten atzo bertan; 3,5 milioi euroko erremanentea dauka Amankomunazgoak. Honela, 589.000 euroko gehigarria izango du lehendik 56.900 euro zeuzkan inbertsioen atalak. "Baliabide propioak erabiliz proiektu berri batzuei aurre egiteko erabiliko dugu", azaldu zuen Zarrabeitiak. Jantoki soziala, eguneko zentroa eta aterpetxea barneratuko lituzkeen egoitza bat sortzea gura dute (15.000 euro), BTTko egoitza ezarri (80.000 euro) eta inguruneagaz lotutako aholularitza eskainiko die enpresei (89.486 euro), besteak beste. Jantoki soziala eta BTTko egoitza diseinu-fasean sartuko dira momentuz; lehenaren kasuan eragileekin batera aztertuko ei dute.

 

Guztira 3 milioi eurotik gora jasoko ditu Gizarte Zerbitzuen atalak. Bilduk, ordea, bertan murrizketa egotea salatu du. Euskararen alorrean ere, bestalde, "ez da logikoa Izarren Distira eta Futbola OInarritik Euskaraz egitasmoei kopuruak igotzea eta Berbalaguni jaistea", dio koalizioak. Izarren Distirak nerabeen artean lehiakortasuna bultzatzen duela dio Bilduk, eta bigarrenaren kasuan, gazteek futbola baino kirol gehiagotan dihardutela. Zarrabeitiak dio Berbalaguni publizitatea jaisti zaiola, eta horren dinamizazioa herriei dagokiela. Bilduk galdetu du ea zertarako dagoen 3,5 milioiko erremanentea, eta gauden krisi egoeran ea zergatik ez den behar dutenei laguntzeko erabiltzen. Ez du ulertzen jantoki sozialera 15.000 euro bideratzea atletismo pistan 300.000tik gora inbertituko direnean. Gainera, salatu du joan zen astera arte ez direla enteratu erremanente kopuru horretaz.

 

PSE-EE ere ez da ados azaldu erremanenteagaz. Dena dela, pozik azaldu da aurrekontuekin, batez ere jantoki sozialaren proiektuagaz, "sozialisten aldarrikapen historikoa da-eta". Jeltzaleekin elkar ulertzeko molde berria, "urteetan eskatutakoa", begi onez ikusten du PSE-EEk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!