Iragarritako neurriekin lan harremanen eredua "guztiz" aldatuko dela ohartarazi du sindikatuak: "langileak negoziatzeko aukera barik geldituko dira". M-29ko greba deialdira erabakitze eskubideen aldeko aldarria daroa LABek.
Soldatak murrizterakoan, ordutegiak eta egutegiak aldatzerakoan, erregulazio espedienteak zabaltzerakoan... "erabakitzeko eskubide guztia enpresak izango du". LABen ustez, hori da azken lan erreformak ekarriko duen aldaketa handiena.
"Kapitala dabil eredu aldaketa hau zuzentzen", LABen arabera. Kaleratzeak merketu eta erraztu egin direla salatu du sindikatuak. Lan hitzarmenetan, "enpresarien aldebakarreko erabakitze boterea onartzen da eta administrazioa erditik kendu".
Martxoaren 29ko greba
Euskal Herria erabaki, langileok erabaki dezakegu, orain da garaia! lema aukeratu du LABek martxoaren 29ko greba orokorrerako. Eulate Zillonizaurrekoetxea LABeko kideak nabarmendu duenez, burujabetza eskatzen dute Euskal Herriarentzako eta langileentzako, "lan harremanetan esparru propioa" izateko.
Greba orokorrak "erantzun zabala" izango duela aurreikusten du LABek. Zillonizaurrekoetxeak azaldu duenez, pasa den astean durangaldeko 120 delegatu baino gehiago batzartu ziren, eta enpresetan erreformaren kontrako giroa dago: "oso haserre daude, eta beldurra ere badaukate, kaleratzeak erraztu direlako, baina kalera irteteko gogoak aurre egiten die beldurrei".
Erreforma iragarri zenetik, eskualdeko bozpasei enpresatan soldatak bajatzeko asmoak agertu direla azaldu du LABeko kideak.