Langabezia tasa hirukoizteko bidean da Durangaldean

Anboto 2012ko ots. 24a, 12:57

3.612 langabetu daude 2012ko urtarrilean, Lanbideren datuen arabera; 2006an 1.292 ziren

3.612 langabetu daude 2012ko urtarrilean, Lanbideren datuen arabera; 2006an 1.292 ziren.

 

Krisiak gogor kolpatu du Durangaldea. Eskualdeko langabezia datuek ez dute zalantzarako tarterik uzten. 2006tik hona langabetuen tasa hirukoizteko bidean da. 2006an 1.292 lagun zeuden langabezian.  2012ko urtarrileko datuen arabera, 3.612 dira lan barik daudenak.

Herrika

Orain sei urte Durangaldea osatzen duten herrietako langabezia tasa %5era ez zen heltzen, eta gaur egun herri gehienek %10eko langabezia gainditu dute. Durangaldeko langabezia tasa altuena duena Iurreta da, %14,6ko langabezia tasagaz. Hurrengoak Izurtza  zerrendan (%14) eta Zaldibar (%13,9) dira. Durangoko tasa ere %10etik gorakoa da, %11,6koa, hain zuzen ere.

 

Sindikatuek egoeraren irakurketa egiterakoan lan erreformak ekarri dituzte gogora. Ados daude denak Zapateroren lan erreformak ez duela langabezia murriztu esaterakoan. Raxoiren azken lan erreformaren inguruan azaldu dutenez, kaleratzeak “errazteko” balioko du.

 

Kontratazioa Durangaldean

Kontratazio motari dagokionez, 2006tik 2011ko amaierara behin-behineko kontratazioek nabarmen egin dute gora. 2006an kontratuen %92 behin behinekoak ziren, eta gaur egun %95era heldu da. “Krisi sasoian sortutako lanpostuetan prekarietate mailak gora” egin duela salatu dute sindikatuek. Lan erreformetan sortutako kontratu berriek prekarietatea bultzatzen dute sindikatuen berbetan.

 

\"\"

 

Sektoreka, industria eta zerbitzuetan gertatu da Durangaldean lan galera handiena. Sindikatuek azaldu dutenez, erregulazio espedienteak ugaritu egin dira enpresetan, eta kaleratze indibidualak ere bai”. 

 

 

  2006 2008 2012ko urtarrila
Abadiño 173 (%4,6) 353 (%10,3) 457 (%12,1)
Atxondo 28 (%3,2) 50 (%7,2) 85 (%11,8)
Berriz 108 (%4,3) 228 (%9,7) 321 (%12,3)
Durango 602 (%4,9) 1138 (%9,1) 1718 (11,6)
Elorrio 135 (%3,9) 227 (%7) 367 (%10,2)
Garai 3 (%1,79) 2 (%1,3) 4 (%1,9)
Iurreta 111 (%5,9) 192 (%11,4) 275 (%14,6)
Izurtza 10 (%7,9) 15 (%11,7) 23 (%14)
Mallabia 15 (%2,4) 42 (%6,9) 65 (%9,9)
Mañaria 9 (%4,3) 15 (%6,5) 23 (%9,2)
Otxandio 26 (%4,38) 46 (%8,3) 64 (%8,9)
Zaldibar 72 (%5,16) 148 (%9,3) 210 (%13,9)
Durangaldea 1.292 2.456 3.612

 

 

Sindikatuen esanak

 

  • Uri irigoras (ELA): “Raxoiren erreformak are beltzago uzten du egoera”

Ikusten denez, langabezia tasa handia da. Dena dela, gaur egongo egora sozioekomikoa ikusita, langabezia tasa igo egingo dela argi dago, enpresa askok ERE ak dituzte, kaleratze indibidualak nabari igon dira azken denboran, eta enpresa txiki eta ertain asko itxi dira, gainera. Raxoik egindako lan eta negoziazio kolektiboko erreformak are beltzago ixten du aurretik zeharo txarra zen egoera.

 

  • Eulate Zilonizaurrekoetxea (LAB): “Langile borroka inoiz baino garrantzitsuagoa da orain”

Durangaldean azken bost urteetan langabetu kopurua bikoiztu egin da. 2010ean PSOE eta EAJren lan erreforma egin zen, eta langabeziak gora egin du. PPren lan erreformagaz kaleratzeak erraztu dituzte. Eskualdean industria sektorea garrantzitsuena denez, datozen hilabeteetan lan suntsiketa izugarria egongo da. Herriak gelditu behar du basakeria hau, langile borroka inoiz baino garrantzitsuagoa da.

 

  • Mauricio Garcia (UGT): “Lana sortuko duten politikak bilatu behar dira”

Azken urteotan lan arloan egin diren murrizketek langabezia handitzen dutela argi eta garbi geratu da datuei begira. Lana sortuko duten politikak bilatu behar dira, eta ez langabezia bultzatzen dutenak. Kontsumoa sustatu beharra dago lana sortzeko.

 

  • Roberto (CCOO): “Enpresek bidea libre izango dute langileak kaleratzeko”

Hemendik aurrera, lan erreformaren ondorioz, enpresariek bidea libre izango dute langileak kaleratzeko; baita flexibilitatea nahi duten eran inposatzeko ere. Horrek inola ere ez du lanpostuak sortzen lagunduko, alderantziz. Hau guztia dela-eta, CCOO sindikatuak, otsailaren 29an arratsaldeko 19:00etan Bilbon manifestazioa egiteko deialdia aukeztu du.

 

  • Jabier Meruelo (CNT): “Krisia denon artean ordaintzea lapurreta da”

Occupy Wall Street mugimenduak bete-betean asmatu du: %99k ezin ditu jasan %1aren gutiziak.Langileriak galga bezala jokatu behar du kapitalismoak bultzatzen dituen hondamenei aurre egiteko. Harro defendatu behar dugu ideia hau: langilkeok ez badugu krisia sortu, denon artean krisia ordaintzea lapurreta hutsa da; lapurreta legala.

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!