Errepide berriagaz ere, beharrezko ikusten du biribilgunea Atxondok

Anboto 2012ko ots. 27a, 09:23
Ez dute ulertzen inguruko herrietan bai eta Atxondon zergatik ez den egin

Ez dute ulertzen inguruko herrietan bai eta Atxondon zergatik ez den egin.

 

Udan Beasaindik Durangora arteko erradial zatia egiten hasiko direla jakinarazi du oraintsu Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak. Lehentasunezkotzat jo dituzten proiektuen artean dago Abadiño, Atxondo eta Elorrio zeharkatuko dituen errepidea. Abadiñon eta Atxondon, orain BI-632 errepideak hartzen duen trafiko emariaren zati bat hartuko du erradial berriak. Hala ere, Apatan urte askoan eskatzen dabiltzan biribilgunearen eskakizunak aurrera darrai: “Trafikoa gutxitu arren, besteak beste, gehiegizko abiaduraren arazoak jarraitu egingo du, eta beharrezko ikusten dugu biribilgunea”, adierazi du Juanjo Nora Atxondoko alkateordeak.

 

Biribilgunea egin dadin eskatzen dabiltzala “20 bat urte” dira, eta “inguruko herrietan egin diren bitartean Atxondon ezin dela” dirudiela diote. Antolamendu Plana onartzen dutenean, biribilgune horren kargu udala egitea ere aukeratzat hartzen dute, baina “berez Aldundiaren eskumena da, eta eurak egin beharko lirateke horren kargu”.

 

Erradial berriari buruz, mota horretako azpiegituren gaineko hausnarketa berregin beharko litzatekeela uste du. Gainera, ‘itzaleko peajea’ deitua salatu du. Errepide berriaren kostu osoa enpresa pribatuen esku dago (200 milioi inguru), baina gero kanon bat jasoko dute Aldundiaren aldetik bertatik igarotzen den ibilgailuko: “Jakina, horrelako inbertsio handiak enpresa handien eskuetan daude; gutxi dira, beti berberak”.

 

Elorriori “onura”

Ana Otadui Elorrioko alkateak hainbat onura ikusten dizkio erradial berriari. Elorrion helburu estrategikoetako bat turismoa sustatzea dela dio, eta errepideagaz herria “hobeto komunikatuta” geratuko dela. Trafiko emaria malgutzeagaz batera, “Elorrioko enpresak lehiakorragoak izatea ekarriko du”.
Desjabetze denak amaituta daude Elorrion. Obren ondorioz, baserri bat eraitsi beharko dute San Agustin auzoan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!