Eskualdeko LABeko delegatuek elkarretaratzea egin dute Durangoko Ezkurdi plazan. Lan erreformaren kontrako greba orokorraren eskaera gaur sartu dute ELA, LAB, ESK, EILAS eta EHNE sindikatuek.
Martxoaren 29ko greba eskaera erregistratu duten egunean, LABeko Durangaldeko delegatuek elkarretaratzea egin dute Espainiako Gobernuak dekretu bidez proposatu duen lan erreformaren kontra.
Ehun bat lagun batu dira Ezkurdin, Erreformarik ez, inposaketarik ez, euskal langileok burujabetza lemapean. LABetik adierazi dutenez, lan erreforma "ez da ezer berria, azken urteotan ezagutu dugun politika ekonomikoan urrats bat gehiago da". Erreformaren kontrako erantzun dimanika bat barik, azken erreformen norabidearen kontrako "borroka tresna" izango da Martxoaren 29ko greba, LABen iritziz.
Elkarretaratzean nabarmendu dutenez, azken erreformarekin "lan harremanetan patronalak daukan indarra handitu da: krisiaren aitzakiapean, langile mugimendua ahuldu eta desagertzeko ahaleginean". Negoziazio kolektiboa "suntsitu gura izatea" salatu du LABek: "Negoziazio eredua errotik aldatu dute, eta enpresei hitzarmenetan adostutakoa ez betetzeko erraztasun guztiak ematen zaizkie".
Euskal Herrirako "aldaketa sozial erreala" gura du LAB sindikatuak: "Euskal Herriko langileok gure politika sozial eta ekonomikoak erabakitzeko tresnak behar ditugu, bertatik eta bertarako sortuak".