Karabana Solidarioak 22 tona elikagai batu ditu

Anboto 2012ko ots. 16a, 13:06

Krisian egonagatik, iazko kantitatea berdindu dute.

Argeliako Tindufeko kanpamenduan errefuxiatuta dauden saharauientzako oinarrizko elikagaiak zein produktuak batzea helburu duen Euskal Karabanak 22 tona elikagai batu ditu Durangaldean.

 

Datu horiekin pozik agertu da ekimena eskualdean kudeatzen duen Herria auzo elkartea; “krisia egonagatik iazko kantitateari eustea” lortu dute, Angel Longarte elkarteko presidentearen berbetan. Herritarren ekarpenekin sei tonatik gora jaso dituzte, eta gainerakoak erosi egin dituzte. Azukrea (5,3 tona), pasta (3,5), babarrunak (3,3), tomatea (3,2), dilistak (3) eta konpresak (4) dira bidaliko dituzten janari eta produktuak.


Horrez gainera, Abadiño, Berriz, Durango, Garai, Iurreta, Mallabia eta Zaldibarko udalek 35.400 euroko diru-laguntza ekarpena egin dute; horietatik %65 Durangoko Udalak emandakoa da. Iaz baino ia zazpi mila euro gutxiago dira, baina Longarteren arabera, “udalen diru ekarpena ez da gutxitu; iaz norbanako batzuen ekarpenak izan ziren”. Elikagai eta diru-laguntzei JAEDek eta Abadiñoko Eroskik dohaintzan emandako 250 kilo arropa gehitu behar zaizkie.

 
Produktu horiekin denekin betetako kamioia bihar irtengo da Donostiako Kursaaletik Alacantera, handik Argeliara bideratzeko, itsasontziz. Sei kamioi irtengo dira Euskal herritik 138 tona produktu ingurugaz.

 

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!