Soldaten murrizketengatik protestak Alfa Taldean

Anboto 2012ko ots. 16a, 12:46

Durangaldean hiru enpresa dituen Alfa Taldeak soldaten ordainketan hainbat aldaketa proposatu ditu. Proposamen horiek \'onartezinak\' direla-eta, langileek bideragarritasun plana eskatu diote zuzendaritzari

Durangaldean hiru enpresa dituen Alfa Taldeak soldaten ordainketan hainbat aldaketa proposatu ditu. Proposamen horiek “onartezinak” direla-eta, langileek bideragarritasun plana eskatu diote zuzendaritzari.

 

Alfa barruan Mallabiko Mecánicas Mallabi, Abadiñoko Mecánicas Mallabi –lehengo Dinalot– eta Berrizko Gol –lehengo Mafisa– enpresak daude.

 

Enpresak abenduko aparteko ordainsariaren erdia eman die langileei, eta Mecánicas Mallabiko  bi lantegiei soldaten %5 gutxiago kobratzeko proposamena egin du. Berrizko Gol enpresarako, berriz, soldatak izoztea aurreikusi du.

 

Kaleratze arriskua

LAB sindikatuko arduradunek jakinarazi dutenez, langileek bideragarritasun plana eskatu diote zuzendaritzari, eta enpresak lantegi batzuetan “kaleratze mehatxuekin erantzun du”.

 

Alfa Taldeak zazpi enpresa ditu Eibarren eta beste bat Soraluzen, Durangaldeko lantegiez gainera. Enpresa guztietan egin dituzte protesta elkarretaratzeak asteon. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!