2012an trena lurrazpitik joango dela esan du Arriola Sailburuak

Anboto 2012ko ots. 15a, 13:54

Garraio Sailburuak, Durangoko geltoki berria eta Lebarioko kotxetegiak eta tailerrak eraikitzeko lanetara eta Traña-Lebario zatia bikoizteko obretara egindako bisitan egin ditu adierazpen horiek.

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak, gaur iragarri duenez, "aginduak" eman dizkio ETS-ri, Durangoko lanei lehentasuna eman diezaien, urtea amaitu aurretik trena lurrazpitik joan dadin. Garraio Sailburuak, Durangoko geltoki berria eta Lebarioko kotxetegiak eta tailerrak eraikitzeko lanetara eta Traña-Lebario zatia bikoizteko obretara egindako bisitan egin ditu adierazpen horiek.

 

Arriolak ziurtatu duenez, "Patxi López Lehendakaria buru duen Jaurlaritzak, Durango operazioak behar zuen bultzada ekonomikoa, teknikoa eta politikoa eman du, martxan jarri aurreko azkenengo faseari aurre egin ahal izateko". "Sozialisten Jaurlaritzarekin, obraren martxa bizkortu egin da. Aurreko jaurlaritzek, 2005 eta 2009 artean, hau da, 4 urtetan, 91,3 milioi euroko obrak egin zituzten. Guk, 2 urte eta 9 hilabetetan bakarrik, 85,8 milioi inbertitu ditugu. 2009ko martxoan obren %39 zegoen burututa, eta orain %77, zailtasun asko izan ditugun arren", azaldu du Arriolak. Gaineratu duenez, "Jaurlaritza honek, kasu askotan definiziorik ez zuen proiektua berriro dimentsionatu behar izan du nabarmen. Proiektuaren hasierako kostua (67,3 milioi euro) ia laugatik biderkatu da, 219 milioi eurotara heldu arte".

 

"Une honetan lanaren %77 burututa dago. Beraz, oso lan bizia da", diote. "Gerarazi" duten gauza bakarra, Zara Hadid arkitektoak diseinatu behar zuen eta 50 milioi euro baino gehiago kostatu behar zen eraikin "faraonikoaren" eraikuntza izan da. Eraikin hori EuskoTrenen egoitza nagusi berria izatea aurreikusten zuten. "Bertan egon behar ziren bulegoak, aurretik sindikatuekin ezer negoziatu barik eta eskariaren inolako azterlanik egin gabe. Uste dut une honetan bizi dugun egoera kontuan izanik, hiritar guztiak bat etorriko direla gurekin eraikin batean horrenbeste diru ez gastatzeko erabakian", adierazi du.

 

2012ko ekitaldirako, Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, 12,9 milioi euroko aurrekontua onartu du, eta 2013an beste 14,3 milioi bideratuko dira. Hala ere, aurreikuspenen arabera, partida horiek, ETS-ren eta EuskoTrenen aurrekontuan jasotako beste partida batzuekin osatuko dira. Horrela, 2012. eta 2013. ekitaldietan, 42,3 milioi euroko inbertsioa batuko lukete, lanak amaitu ahal izateko. Arriolak gogoratu duenez, Durango operazioa, Garraio Sailak aurten burutuko duen sare propioko inbertsiorik handiena da, eta baita Garraio Sailak inoiz izan duen sare propioko inbertsiorik handiena ere. Azaldu duenez, 2011. urtea, Durango Operazioan gehien inbertitu den urtea izan da. Bere Sailak eta Jaurlaritzak Bizkaiarekin duten konpromisoa "berretsi" du Arriolak. "Bizkaian beste hainbat lekutan ere ari gara lanean: Artxandako tunelean, metroaren 3. linean, Kabiezesko zatian, metroaren 2. linea amaitzeko, Bilboko tranbia luzatzeko lanetan, eta, hain handiak ez badira ere, oso garrantzitsuak diren beste proiektu asko eta askotan. Izan ere, 2012ko gure inbertsioaren %67, Bizkaian ari gara burutzen", azpimarratu du.

 

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!