Durangaldeko, Debabarreneko eta Debagoieneko gaixoak hara bideratu gura ditu Osakidetzak eta pasa den astean plan funtzionala aurkeztu zuen. Kokalekuak eztabaida sortu du, baina azkenean Eibarren eraikiko dute. Kutsadura kentzeko lanak egin beharko dituzte lehenengo, eta urte amaieran hastea kalkulatzen du Osakidetzak.
Ospitale berriko proiektu arkitektonikoa lehiaketara atera du Osakidetzak. 12.000 metro karratu inguruko ospitalean, errehabilitazio unitatea, min kronikoaren tratamenduak, eta eguneko zentrua egongo dira batez beste. Horrelako zentro gehiagoren premia ikusita, Eibar aukeratu du Osasun sailak ospitale berria eraikitzeko. Bertara bideratuko dituzte Durangaldeko, Markinako, Debabarreneko, eta Debagoienako gaixoak.
Ospitalea Torrekua auzunean eraikiko dute, arinago industria zegoen lursail baten, eta 30 milioiko aurrekontua edukiko dute lanek. Lur horietan kutsadura kentzeko beharrak egin beharko dituzte eraikitzen hasi aurretik. Eraikinaren lanak 2012ko laugarren hiruhilekoan dira hasiko direla kalkulatu dute Osasun sailean, eta 20 hileren buruan, 2014ko udan, amaituta egongo lirateke.
Kokalekua eztabaidan
Egitasmoaren kokalekua dela eta, hainbat eztabaida sortu izan dira Eusko Legebiltzarrean. Aralar alderdiak, esaterako, ospitalea Eibarren barik Iurretan egiteko proposamena aurkeztu zuen bere garaian, EITBko lehengo eraikinean. Dani Maeztu legebiltzarkideak jarrera mantentzen dutela adierazi du: "Osakidetzako barne txostenen arabera justifikatuago dagoela Durangaldean egitea". Gipuzkoako mendebaldean dagoeneko Mendaro eta Arrasateko ospitaleak daudela nabarmendu du Maeztuk, eta EITBren egoitza zaharra "hutsik eta hobeto komunikatuta" dagoela.
Lursaila arinago industriala izateak ere eztabaida sortu du parlamentuan. Horrek "gainkostu bat" ekarriko duela esan du Maeztuk, eta Rafael Bengoa Osasun sailburuak argitu du kostu hori Eibarko Udalak ordaindu beharko duela. Eraikitze lanen finantzazioaren gainean, Bengoak adierazi du "iturri publikoekin bakarrik" finantzatu gura dutela, baina "finantzazio erdi publiko erdi pribatuaren aukera" ere aztertzen dabiltzala azaldu du.