Durangaldeko Amankomunazgoan eta Elorrioko Udalean %50etik gorako erantzuna izan du gaurko ELA, LAB eta EILAS sindiaktuek deitutako lanuzteak; eskualdeko gainerako udaletan %90etik gorakoa. Horrela azaldu du ELAk. Irakaskuntzan ere "oso ona" izan da erantzuna eta Osakidetzan gutxieneko zerbitzuak baino ez dira egon.
Jose Ramon Lasarguren ELAko ordezkariak adierazi duenez, "harro egoteko moduko" erantzuna izan du Durangaldean gaurko sektore publikoan deitutako lau orduko lanuzteak. EuskoTrenen "erabatekoa" izan da erantzuna sindikatuek jakin eragin dutenez.
\'Kalitatezko zerbitzu publikoen alde\'
\'Kalitatezko zerbitzu publikoen alde\' lanuztea egingo dute, gaur, hezkuntzan, osasun arloan eta administrazio publikoan. ELA, LAB eta EILAS sindikatuek deitu dute lanuztea, eta Ezker Abertzaleak, Aralarrek, Alternatibak eta EAk bat egin dute deialdiagaz. ESK-k ere babestu du.
"Murrizketak salatzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoak" eskatzeko deitu dituzte Bizkaia,Gipuzkoa eta Arabako 100.000 langile inguru lanuztea egitera ELA, LAB eta EILASek. Eusko Jaurlaritzan eta Espainiaren menpeko administrazioan 11:00etatik 15:00etara izango da lanuztea, eta foru aldundietan eta udaletan 11:00etatik 19:00etara. Dena den, arloz arlo ezberdina izango da ordutegia.
Osakidetzan, 11:00etatik 19:00etara dago deituta lanuztea, eta, hezkuntzan 11:00etatik 18:00etara. Eusko Trenen 06:30etik 10:30era eta 17:30etik 21:30era izango da greba eta larrialdietarako arretari dagokionez, jaiegunetako lantaldea bermatuko da SOS Deiak-en, suhiltzaileetan, errepideko mantentze lanetan, trafikoaren kudeaketa zentroan eta barne saileko informatika eta komunikazio arloan.
Kirol instalazio publikoetan ere izango du eraginik deitutako lanuzteak. Horretara, Durangoko Kirolak-eko azpiegiturak itxita egongo dira, 11:00etatik 19:00etara, jakin eragin dutenez. Durangoko Kurutziaga eta Elorrioko Txintxirri ikastolek ere bat egin dute deialdiagaz eta ordu batzuetan greba egingo dute.
Gutxieneko zerbitzuak
Jaurlaritzak ospitaleetan jaiegunetako lantaldea bermatuko du, eta dialisiak eta onkologiako tratamenduei eutsi egingo zaie. Era berean, lehen arretan, zentro bakoitzean mediku bat, etxez etxeko zerbitzua emango duen mediku bat, erizain bat, etxez etxeko zerbitzua emango duen erizain bat eta bezeroen zerbitzurako langile bat edo zelari bat izango dira. Larrialdi zerbitzuei oso-osorik eutsiko zaie. Hezkuntzari dagokionez, Durangaldean, Haurreskola Partzuergoari eta eskola publikoiei eragingo die greba deialdiak; ikasleei sarrera bermatu ahal izateko, langile batek joan beharko du gutxienez goizeko nahiz arratsaldeko txandan.
Bilbo, Gasteiz eta Donostian deitu dituzte manifestazioak 12:30ean. Arriaga plazatik, Andra Maria Zuriaren plazatik eta Bulebarretik irtengo dute, hurrenez hurren.