Euskararen bidez harrera egitea da etorkinentzako AISA ikastaroen helburua. Eusko Jaurlaritza eta HABEren elkarlanetik sortutako egitasmoak zortzi urte daramatza martxan. Eskualdean hainbat saio egin dira ordutik, eta duela gutxi Zaldibarren ipini dute abian. Durangon 2005etik urtero antolatu dira ikastaroak. Etorkinak euskarara hurreratzeko ahaleginei buruz egon gara berbetan Fernan Ruiz Berbaroko eta Durangoko Udaleko Euskara zerbitzuko lankideagaz.
Zelakoak dira AISAko ikastaroak?
Azken batean, euskara aurkezten zaie etorkinei; hona datozenean badakite hemen gazteleraz berba egiten dela, baina badaukagu gure hizkuntza, eta aurkeztu egin gura diegu. HABEk prestatutako materialean, Euskal Herriari buruz eta bere administrazioei buruz berba egiten zaie... Irudi bidezko hiztegia ere badago, eta orduak, norbere burua aurkezteko moduak, zenbakiak eta hizkuntza bat ikasten hasten garenean ikasten ditugun oinarrizko esaldiak irakasten zaizkie 60 orduko ikastaroan.
Zerk bultzatzen ditu etorkinak euskarara?
Perfil askotako etorkinak daude, eta motibazioak ere denetarikoak dira: batzuk gurasoak dira eta seme-alabak euskaraz ikasten dutenez, ikusten dute euskara hordagoela eta umeek eskolan behar dutela. Horregatik etortzen dira informazio bila. Baina normalean, gehienak lan barik dauden etorkinak izaten dira, gizonezkoak. Euskara badela badakite, eta askotan ahoz ahokoaren bidez heltzen dira ikastaroetara.
Ikastaroek harrera ona daukate?
Durangon beti osatu izan dira bi-hiru talde. Baina ez dute izena ematen duten guztiek amaitzen; urteotan ia 300 pertsonak eman du izena. Ikastaroa hasi dutenak gutxiago dira: 201. Eta guztiek ez dute amaitzen: 111k amaitu dute.
Konstantzia falta da, beraz.
Euren lehentasuna, eta ez eurena bakarrik, denona, beharra edukitzea da, bizi ahal izateko. Ikusten badute euskara ikasita beharra topatzea errazagoa dela, ikasiko dute. Adibidez, Lea-Artibain lan mundurako behar dutela ikusten dute, eta ikasten dute. Hemen, zoritxarrez, eroso samar bizi daiteke euskara jakin barik; lan mundua elebakarra izan ohi da. Konstantzia dela-eta, pasatu izan zait ikastaroan izena emandakoei astebete lehenago deitzea, eta eurek Durangon barik Castellonen, Galizian... lanean dabiltzala esatea. Euren egoera ez da egonkorra; gaur Durangon daude, baina lana eskaintzen badiete, bihar-etzi Bartzelonan egon daitezke.
Euskalduntzean sakontzea gaitza da.
Bai, eta ez diot eurek gogorik ez dutelako denik hori; guk dauzkagu arazoak, ez dugu asmatzen jarraipen hori zelan bideratu. Formula berriak topatu behar dira. Udalak beste egitasmo bat dauka, Hitz Egidazu izenekoa. Berbalagun lakoa da, baina bikoteka egiten da. Iaz gaztelania ikasteko bakarrik eskaini zen, eta aurten euskaraz edo gazteleraz egiteko aukera dago. Bolondresen zerrenda dago mintzapraktika egiteko. Bestalde, egon zen aurrera irten ez zuen ideia bat ere, tutoretza lako bategaz lan egitekoa. Azken finean, AISA ikastaroak data zehatz batzuetan ematen dira, eta apirilean informazio eske badatoz urrira arte itxaron behar dutela esatea... ez gara gai berehalako erantzun bat emateko. Euskaltegietan ordutegi bategaz autoikaskuntzarako laguntza ematea pentsatu genuen, baina egitasmo hori ez zen aurrera irten. Buelta gehiago eman behar zaizkio gaiari.
Euskara errefortzuak behar dituzten eskola-umeei ere laguntzen diezue Berbaroren bidez.
Eskoletako eskariari erantzuteko ematen dira errefortzu horiek. Udalak Berbarori eman dio programa horren ardura, eta hiru hezitzaile dabiltza lanean; batez ere, etxerako lanak egiten laguntzen. Hasieran ludoteka baten antzeko funtzionamendua zeukan egitasmoak, baina ikastetxeetako arduradunek etxerako lanetan laguntzeko premia nabarmendu dute. Funtzionatzen duen egitasmoa da; gaur egun 120 eskola-ume inguru dabiltza.
Zer dago euskaldunon esku?
Askotan gertatzen da euskarara hurreratu gura duenak ez duela jakiten zelan egin. Guk bidea erraztu beharko genuke, baina ez dugu zelan zabaldu jakiten. Etorkinen uholde hau 2000ko hamarkadan hasi zen. Desberdina da, baina gerra ostean hemen egon ziren etorkinak, Espainiako eskualdeetatik etorrita. Haiek ere afrikarrak eta hegoamerikarrak gaur egun etortzen diren antzera etortzen ziren: beharra egitea zen euren lehentasuna. Lehen ez genuen lortu euskarara hurreratzea, eta gaur egun baliabide askoz hobeak eta gehiago dauzkagu, eta euskarak arlo askotan aurrerapenak egin ditu, baina ez gara gai jendea guregana hurreratzeko.