Protestatzeak bakarrik ez du balio, gero ez bada erreklamaziorik jartzen

Anboto 2012ko ots. 4a, 09:30

Kontsumitzaileon eskubideak defendatzeaz arduratzen da Durangoko Askatasun etorbidean kokatuta dagoen OMIC bulegoa. Alazne Balentziaga zerbitzu horren arduraduna elkarrizketatzea proposatu diogu Oskar Zarrabeitia Durangoko Amankomunazgoko presidente berriari

Kontsumitzaileon eskubideak defendatzeaz arduratzen da Durangoko Askatasun etorbidean kokatuta dagoen OMIC bulegoa. Alazne Balentziaga zerbitzu horren arduraduna elkarrizketatzea proposatu diogu Oskar Zarrabeitia Durangoko Amankomunazgoko presidente berriari.

 

Zein motatako kexak heltzen dira OMICera?

Guk kontsumo arloko gaiak lantzen ditugu. Ez gara autonomoen eta enpresen auziez arduratzen. Herritarrek erreklamatzen dituzten gorabeherarik gehienak telefoniagaz, hornikuntzagaz (gasa, elektrizitatea, ura) eta garantiekin lotuta daude.

 

Telefonia arloan zertaz kexatzen dira?

Alde batetik, fakturazioa txarto egin izanaz kexatzen dira batzuk. Bestetik, altak ematea oso erraza da, baina baja ematea ez hainbeste. Telefonia konpainiek egin beharko lukete beharra bezeroei bajak emateko, baina geuk egiten dugu sarritan. Beste kasu batzuetan telebistako edo Internet bidezko lehiaketetan parte hartzerakoan SMS Premium eta antzeko zerbitzuak jakin barik aktibatzen ditu jendeak, eta gero mezu batzuk jasotzeagatik ordaindu egin behar dute; 1.500 euroko faktura heldu zaion pertsona bat izan dugu bulegoan.

 

Hornikuntzekin zelako arazoak sortzen dira?

Gas hornitzaile batek urtebetean ez du fakturarik pasatu, eta bat-batean dena batera fakturatu ditu. Tarte horretan BEZ portzentajea igo egin da, baina konpainiak urte osoari aplikatu dio. Zenbat erreklamazio jasotzen duzue?
Geroago eta gehiago erreklamatzen da. 2011n 1.065 erreklamazio jaso genituen.

 

Batzuek fakturagaz ez badaude konforme atzera botatzen dute erreklamazio orririk bete barik. Zer deritzozu?

Faktura bategaz ez bazaude konforme, faktura atzera botatzea ez da nahikoa. Argindarraren kasuan, kentzeagatik 70 euro kobratzen dizkizute, eta berriro ipintzeagatik beste 70 euro. Erreklamazioa beti jarri behar da.

 

Arropa denden inguruan kexu izaten da hainbat jende.

Jendeak arropa erosten du, eta etxean probatzerakoan ez zaio gustatzen. Dendara doazenean balea ematen badiete dirua  itzuli beharrean, haserretu egiten dira. Baina dendek ez dute zertan dirurik itzuli; eta legez, balea eman beharrik ere ez, erositako produktuak akatsik ez badu.

 

Spanair konpainiak hondoa jo du eta jende askok hartuta zeuzkan hegaldiak. Erreklamaziorik heldu da OMICera?

Bai, aste honetan bost lagun etorri dira erreklamazioa jartzera. Pertsona batek martxorako hegaldia hartuta zeukan. Dirua itzuliko diote, baina orain hartu duen hegaldiak 50 euro gehiago balio duenez, aldea erreklamatzera etorri da.

 

Hegazkin konpainiek kexa asko izaten dituzte?

Kontroladoreen greba izan zenean kexa asko jaso genituen bulegoan. Erreklamazioa AENAn dago. Kaltetuei dirua itzuli diete, baina jendeak kalte-ordaina eskatzen du orain .

 

Erreklamazioek zer bide jarraitzen dute?

Guk enpresari erreklamatzen diogu, eta erantzun egiten digute. Bitartekaritza ez bada lortzen, arbitrajera joaten gara, EuskoJaurlaritzara. Audientzia baten erantzuna loteslea da. Bestela,  epaitegietara joateko aukera dago. Infrakzioren bat badago, Osasun eta Kontsumo Sailera doa, eta espediente zigortzailea ipintzen diote.

 

Erreklamazioak bidean geratzen dira edo batzuk aurrera doaz?

Erreklamazioen erdiei baino gehiagori arrazoia ematen diete. Protestatzeak ez du ezertarako balio gero konforme ez zauden hori erreklamatzen ez bada.

 

Bulegora datozenei zer gomendio ematen diezu?

Garrantzitsuena informatuta egotea da. Oinarrizko eskubideak ezagutzen ditugu, baina prozeddura eta epeak ere ezagutu behar ditugu. Sinatzen duguna irakurri egin behar dugu, behin sinatuta erreklamatzeak ez du-eta ezertarako balio. Hornitzaileekin eta bankuekin honelako kasu asko gertatzen dira.

 

Sasoiaren arabera izaten du gorabeherarik kexa kopuruak?

Beti izaten dugu jende asko, baina Gabonetako erosketen ondoren eta udako bidaietatik bueltan erreklamazio gehiago izaten ditugu.

 

Kasu berezirik izan duzue inoiz?

Behin garraio enpresa batek animaliak garraiatzen zituela iragartzen zuen. Animaliak bidali zituzten, eta hilik heldu ziren.

 

Krisiaren eragina igarri duzue?

Lehen gutxik erreklamatzen zuten euro batengatik. Orain bai, eta egin beharreko pausoa delakoan nago, komisio txikiekin dirutza egiten dute-eta batzuek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!