Santa Ageda koplak kantatzen irtengo dute gaur, neguko giro hotza epeltzeko

Anboto 2012ko ots. 4a, 08:20

Durangaldeko hainbat herritarrek irtengo dute, urtero legez, kopla kantuan

Durangaldeko hainbat herritarrek irtengo dute, urtero legez, kopla kantuan.

 

Giro hotzari aurre eginez eta usadioari eutsiz, Santa Ageda koplak abestera irtengo dute, zapatuan, Durangaldean ere. Eskualdeko txoko eta bazterrak epelduko dituzte koplaz kopla.

 

Mañariarrak izango dira kopla-kantaririk goiztiarrenak, Santa Ageda bezperaz: 08:45ean egin dute hitzordua plazan, eta batutako dirua Saharara bidaltzeko janaria erosteko erabiliko dute. Iurretan, berriz, 10:00etan geratu dira Aita San Migel plazan, eta Mallabian 11:30ean Petrilean: Mendibil abesbatzak baserriz baserri egingo du kantuan iluntzera arte.

 

Arratsaldez ere irtengo dute

Atxondon 14:30ean elkartuko dira kantariak –batutako dirua Caritasera bideratuko dute– eta  Elorrion ere bai: 18:30ean egin du hitzordua Lagun Tokin, Iturrizoro elkartearteak.

 

Durangon, berriz, Orfeoiak abestuko dituk Santa Agedaren tradiziozko koplak, zapatuan. Kili-kolo aurretik abiatuko dira 18:30ean, eta Klarisen komentuan, Andra Marian, Ezkurdiko arkupeetan, Plateruen plazan eta Goienkalen abestuko dutela iragarri dute.

 

Berriztarrak 18:00etan hasiko dira kantuan; mojen komentu aurrean egin dute hitzordua –kasu honetan, batutako dirua euskal presoen senideei laguntzeko erabiliko dute. Zaldibarren,  berriz, 17:30ean abiatuko dira Koral  elkartetik.  Abadiñon, azkenik, Done Zezili abesbatzak abestuko ditu Santa Ageda koplak kalez  kale; iluntzeko 19:30ean hasita izango da.    

 

Otxandion Oihandi abesbatza baserrietatik ibiliko da lehenengo eta auzogunetik gero. Ondoren, elkarrekin bazkalduko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!