Durangaldea zuritzen ari da elurra

Anboto 2012ko ots. 2a, 12:20

Elurra mara-mara ari da goizetik Durangaldean. Herrizaingo Sailak alerta laranja ezarri du gaur eta bihar izotzagatik eta elurragaitik. Eusko Jaurlaritzak 19:08an jakinarazi duenez, Durangalde inguruko mendate guztiak zabalik daude: Urkiola, Areitio, Muniketa eta Trabakua. Urkiolan kateak behar dira.

Elurra mara-mara ari da goizetik Durangaldean. Herrizaingo Sailak alerta laranja ezarri du gaur eta bihar izotzagatik eta elurragaitik. Eusko Jaurlaritzak 19:08an jakinarazi duenez, Urkiolako mendatea zabalik dago turismo, kamioi zein ibilgailu artikulatuentzat, baina derrigorra da kateak erabiltzea. Oraindik elurra ari du Urkiolan.

 

AreItio, Kanpazar, Muniketa eta Trabakua ibilgailu guztientzako zabalik daude, baina arretaz gidatzeko eskatu dute. Trabakuan elurra ari du. Egoera unean-unean ikusteko: Mendateen egoera


ARGAZKITEKA atalean Elorrio, Apata, Iurreta, Abadiño, Otxandio, Berriz eta Pol-Poleko argazkiak ikusi daitezke.

 

EKITALDIAK: Otxandioko Euskaldunon Amaraunek jakinarazi duenez, Otxandion gaurko programatuta zegoen TELP hitzaldia atzeratu egin da elurraren ondorioz. Otsailaren 16an egingo dute, 19:00etan, Kultur Etxean. Abadiñon udal arduradunek jakinarazi dutenez, elurrak ez du inolako aldaketarik eragingo San Blas jaietan. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki du bertan behera uztea Eskola Kirola programak astebururako aurrez ikusita zituen jarduera guztiak. Beraz, ez da kirol jarduerarik izango otsailaren 4an eta 5ean.

 

Hona penintsula osoko imagina satelitetik hartuta 15:00 inguruan.

 

EGOERA DURANGALDEKO HERRIETAN

 

Durangon edurra hasi baino lehen gatza bota dute, batez ere, kale eta errepide nagusietan, eta aldapatsuetan.  Neurrion berri eman zuten azken udalbatzarrean, iragarritako hotz handia eta elurra dela-eta. Ezkurdi plazan, anbulategiko sarreran eta ikastetxeetako sarreretan ere bota dute gatza, eta DYA eta Gurutze Gorriko sarreretan ere bai. Bestalde, elurra kentzeko traktorea lan egiteko prest daukate premia egongo balitz, eta langileak hornituta daude elurra kentzeko. Beharrezkoa izanez gero oinezkoen guneetan ere botako dute gatza.

 

Atxondon, elur eta izotzari aurre egiteko gatz zakuak jarri ditu eskuragarri Atxondok. Datozen egunetarako iragarrita dagoen hotz siberiarrak errepidean, baserri bideetan zein inguruetan eragin ditzakeen lurzoru izoztu edo elurtuei aurre egiteko gatz zakuak banatuko ditu Atxondoko Udalak. Jakinarazi dutenez, zakuak Apatako Maisuen Etxean egongo dira eskuragarrari, denboraleak irauten duen egun denetan. Zakuak jasotzeko ordutegia ere zehaztu dute: 08:00etatik 15:00etara. Hala ere, interesatuek lehenengo udaletxera deitu beharko dute (94 682 10 09) eta bertako langileekin hitzordua ipini, ondoren zakuak jaso ditzaten. Baserrri edo etxe bakoitzak jaso dezakeen kopurua ere mugatua da, ahalik eta eskari gehienak asetzeko: zaku bi jaso daitezke bizileku bakoitzeko.  

 

Otxandioko udalak prest ditu hiru ibilgailu herrigunetik zein auzoetatik elurra kentzeko. Bi udaletxearenak dira; 4X4ko ibilgailua bat pala gehituta eta su-hiltzaileen kamioi bat pala erantsita. Horrez gainera, beste ibilgailu bat ere kontratatuta dute, beharrizan handia dagoenerako. Lehenengo herriko gunerik garrantzitsuenak garbitzen dituzte: sarrea-irteerak, medikurako bidea… Ondoren, auzoetako bideak garbitzeari ekingo diote, batez ere, herri gunetik aparte dauden Mekoleta, Andaparaluzeta eta Gomilas.
 
Horrez gainera, gure duten herritarrek eskuragarri dute gatza udaletxeko kontseilupean. Gura duenak balde eta eduki bat eraman dezake eta behar duen gatza jaso etxe inguruetatik elurra edo izotza kentzeko.
 
 
Elorrioko Udalak ere kontratatuta du ibilgailu bat behar denetan erabiltzeko. Oraingoz, gaur elurra egiten ari den arren, bideak nahiko libre daude eta kontratatutako ibilgailua prebentzio lana egiten ari da: hau da, auzobideetan, industriagunean zein eskola inguruetan gatza botatzen ari da. Hurrengo egunetan ere, izotza egingo duela aurreikusten bada, aurretik irtengo da bideetan gatza botatzera.
 
 
Iurretan goizean gatza bota dute auzoetan eta herri gunean. Orain, udaletxeko brigadako jendea auzoetatik zehar dabil, gatzaren beharrizanak sortu daitezkeen guneak aztertuz.Era berean, arratsaldean Parques Y Jardines enpresagaz batuko dira eta eurak ere arduratuko dira gatza botatzeaz. Horrez gainera, Invisa garbiketa enpresako langileak ere eskuragarri daude, herri gunean beharrizanik sortuko balitz gatza zabaltzen aritzeko. Iurretan hainbat auzo daude herrigunetik urrun: Bakixa, San Marko, Goiuria, Amatza, Garaizar, San Andres, Orozketa eta Oromiño.
 
 
Zaldibarren Mugarri enpresa kontratatuta dute eta goizean zehar gatza botazen aritu dira herri gunean. Horrez gianera, udaltzainek ere toki konkretuetan bota dute gatza, zebrabideetan, esaterako.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!