"Gure kabuz sortu dugu enpresa; zenbat eta sarriago jausi, gehiago ikasi"

Anboto 2012ko urt. 30a, 08:30

Karrerako lehen eguna da. Enpresa bat sortzen hasi behar duzuela esaten dizuete. Eta hiru aste barru Finlandiara zoaztela, bertan enpresa moduan lan egiteko. Horrela hasi dute karrera Laurak, Andreak eta Andonik

Karrerako lehen eguna da. Enpresa bat sortzen hasi behar duzuela esaten dizuete. Eta hiru aste barru Finlandiara zoaztela, bertan enpresa moduan lan egiteko. Horrela hasi dute karrera Laurak, Andreak eta Andonik. Oñatin Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza izeneko karrera ikasten dabiltza.

 

Zelan sentitu duzue zuen burua enpresa bat sortu eta Finlandiara bidaian?

Batxilergoan karreraren berri eman zigutenean oso orijinala iruditu zitzaigun. Lehenengo mailan bi enpresa sortu ditugu, 14 pertsonako taldeetan. Karrera hasi eta gutxira Finlandiara joan ginen; bertan sortu zuten ikasketa eredu hau, eta bertatik bertara ikusi ahal izan dugu zertan datzan. Hemen teoria ere ematen dugu, baina han praktikoa da bakarrik, eta denbora guztian enpresagaz lanean dabiltza; gradua barik modulua da.
Hasieran oso deskolotatuta geunden; klasean orain arte beti egin dugu teoria eta teoria: han hasi eta berehala eskema guztiak apurtzen dizkizute. Kontua desikastea dela diote, gero ikasteko. Gure beheraldiak ere izan ditugu; “Non sartu naiz?”.

 

Benetako enpresa da zuena edo simulazio bat da?

Enpresa erreal bat da sortzen gabiltzana. Oraindik ez gara hasi esatutuekin, baina idatzi behar ditugu erregistratzeko. Enpresak bere logoa edukiko du, bere marka, bezeroak, helburuak...

 

Smash da zuen enpresaren izena. Zertan diharduzue?

Orain arte proposamen berritzaileak eskaini dizkiogu hainbat enpresari: padel torneo bat antolatzen, Youtube-ko kanal bat Basque Culinary Center-eko ikasleentzat... proiektuak oso desberdinak dira. Lehenengo faseetan gaude, eta oraindik ez daukagu lan arlo bat zehaztuta; hirugarren mailan aukeratu beharko dugu espezialitatea.

 

Zelakoa izan da Finlandiako esperientzia?

Batzuk finlandiarren etxeetan egon gara, eta beste batzuk erresidentzian. Han gure kabuz sortu behar genuen negozioa, eta hile eta erdian jardun dugu proiektuak sortzen. Aukera batzuk izan ditugu. Esaterako, Metso izeneko paper fabrika baten egon ginen, eta marketing planifikazio berri bat diseinatu genien. Horrez gainera, onena Restaurant Day egunekoa izan zen. Egun horretan jatetxe guztiek prezio bereziak izaten dituzte. Guk lokal bat alkilatu genuen, eta han tortilak, paella... egin genituen. Basque-Spanish Food ipini genuen, eta oso ondo irten zen; diru askotxo irabazi genuen. Kalean joaten ginen Ikusi mendizaleak-eta kantatzen, jendea hurreratzeko. Finlandiarrak denak isilik, gu zarata ateratzen... Egia esan, traturako nahiko hotzak dira.

 

Gehiago bidaiatuko duzue?

Bigarren mailan San Frantziskora joan behar dugu, hilabete batean; Google eta Apple bisitatzera, Standfordeko unibertsitatera... Bidaia hori egiteko guk lortu behar dugu dirua, eta horretan gabiltza. Hirugarren mailan Txina eta Indiara joango gara lau hilabeterako; hazten dabiltzan herriak izanda, han ere egingo dugu lan. Bigarren mailan txinera ikasten hasiko gara. Lehenengo mailan elkar ezagutzen gabiltza, batez ere; astean behin teoria ematen dugu, eta gero guk antolatu behar dugu denbora bulegoko lana eta bisitak egiteko. Ordu asko sartzen ditugu bulegoan, eta astean birritan Trainning Session edukitzen dugu, arazoen inguruan berba egiteko, marketina lantzeko, koordinaziorako...

 

Bulegoa daukazuela diozue?

Bai. Han gaude bigarren mailako bi enpresak eta lehen mailakoak. Kanpotik ere ibiltzen gara bezeroak bisitatzen. Horregatik, denok elkarrekin egoteko batzar horiek behar ditugu. Talde moduan lan egitea oso garrantzitsua da.
Karrera hasi eta gutxira bezeroei bisitak egiten...

Filosofia Learning my doing da: zenbat eta sarriago jausi, gehiago ikasi. Zuk bakarrik irten behar duzu aurrera, ahal duzun moduan. Kurtso erdirako 25 bezero bisitatuta izan behar genituen, hainbat liburu irakurrita, eta irabazi eta fakturazio batzuk lortuta. Ez gara heldu helburuetara, baina enpresa munduan musturra sartzen hasi gara. Oñatin hiru urte daramatza karrerak, eta oraindino ez da inor graduatu. 3.mailakoek karrera amaitzean beharbada jarraituko dute euren enpresagaz, eta  oraindik goiz da ezer esateko, baina agian guk ere edukiko dugu aukera! 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!