Lanbidek eskualdeko kontratazioa sustatzeko ematen dituen diru-laguntza deialdiaren bitartez lau pertsona kontratatu ditu Urkiola landa garapen alkarteak. Horretara, "Durangaldeko lan munduratzean ekarpena egiteaz gain, eskuartean dituen bi proiekturi bultzada\' eman die Urkiolak".
Interneten Durangaldearen presentzia nabarmentzeko egitasmo bitan arituko dira kontratatutako lau lagunetako bi. Horrela jakin eragin dute Urkiolatik: "Erakundeari eta eskualdeari buruzko informazioa emango duen www.durangalde.eu webgunea osatzen lagunduko dute. Era berean, www.oizegin.com web atari enogastronomikoa garatuko dute". Azken atari horren helburua tokiko gastronomia eta produktuak ezagutaraztea eta salmenta sustatzea da, argitu dutenaren arabera. Webgune biak laster izango dira martxan, ohar baten aurreratu dutenez.
GR Mikeldi mendi ibilbidea zein eskualdeko beste ibilbide homologatuak "txukundu" eta "berritzea" izango dute ardura Urkiola LGAk kontratatutako beste langile biek. Horrez gain, Zaldigorri zaldi-ibilbide berria prestatzeaz arduratuko dira. Mendizaleen artean "kezka handia" sortu zuen, iaz, GR Mikeldiaren egoera "kaskarrak"; "sasiz eta zikinez beterik". Ondorioz, Durangaldeko udal guztiek , mendizale elkarteek eta Urkiola LGAk hitzarmena sinatu zuten ibilbideen baldintzak hobetzeko. "Langile berriek burutuko duten beharrari esker, udaberrirako Durangaldeko ibilbideak baldintza egokietan, txukun eta behar bezala seinaleztatuak egotea aurreikusten dugu".
Lanbidek babestutako aipatutako kontratazio horietaz aparte, lan-taldea zuzentzeko beste pertsona bat ere kontratatu du Urkiola LGAk, lanordu erdira.