Bigarren batxilergoa ikasle askorentzat burukomin asko eta handiko ikasturtea izaten da. Ikasketetan zer bide hartu? Batzuek hasieratik argi izaten dutela azaldu digute Juanan Carballo eta Cristina Luengo Jesuitak ikastetxeko irakasleek.
Unibertsitateak ikastetxera gonbidatu izan dituzue lehenago ere, baina aurten azoka egitea eta Durangora zabaltzea erabaki duzue.
Klase orduetan etortzen ziren lehenago; hainbat egunetan etortzen ziren aretora aurkezpena egitera, eta listo. Aurten egun batean denak gonbidatu eta beste ikastetxeetara zabalik egitea pentsatu dugu. Arratsaldeko ordutegian egin dugu, horrela ikasle eta gurasoek etorri ahal izateko. Uste dugu gure taldearen barruan prest egongo ginatekeela beste eskolekin adostu eta Durango mailako zer edo zer antolatzeko. Bilbon-eta egiten dira horrelakoak.
Bigarren batxilergoa nahiko ikasturte gaitza izaten da ikasleentzat. Ikasketak aukeratzeko orduan zalantza handiak izaten dituzte?
Gehienek nahiko argi izaten dute. Zalantzan dabiltzan asko ere badaude, eta duda horiek argitzeko bidea informatzea da; eurek erabaki behar dute. Askotan begira gelditzen dira, guk erantzun bat ematea itxaroten-edo. Gure lana, baina, ez da erantzun bat ematea; ez da “Zuk ingeniaritza egin beharko zenuke” esatea, ezpadaze informatzea: ingeniaritzak zer aukera dituen, zer mota dauden, zertan desberdintzen diren...
Erabakian pisua edukiko dute gustuek, eta baita lan mundurako aukerek ere...
Cristina Luengo: Nik beti esaten diet gustatzen zaien gauza bat egiteko, hori betirako izango baita. Gustoko baduzu, borroka egin hori lortzeko. Irteerei buruz ere galdetzen digute, baina hori gaitza da esatea, ez dakigulako bost urte barru zelakoa izango den egoera. Hobe da gustuko zeozertan hastea, eta gero ikusiko duzu lan aukerak dauden ala ez. Karrera bat lan aukerengatik bakarrik aukeratzea ez da egokiena. Dena hartu behar da kontuan, baina neurri batean.
Juanan Carballo: Geroago eta gehiago, garrantzitsuena formazioaren kontua dela pentsatzen dut nik. Batek daki zertara dedikatuko zaren gero. Formazioa eta hizkuntzak behar direla nabarmentzen diet ikasleei. Ingeniaritza bat egin dezakezu, eta amaitu dezakezu klaseak ematen edo pizzeria batean lanean.
Lan munduagatik kezkatuta daude?
J.C.: Ez dugu uste horrelako kontuetan pentsatzen dabiltzanik. Ikasketak amaitu eta gero edukiko dute kezka hori, baina orain euren ardura ez da hori. Hizkuntzetan-eta formatzeko esaten diegunean, esaten dute :“Egingo dut aurrerago”; “Ikusiko dut”... Oraindino egunerokoan bakarrik daude.
Ikasle ohien mahai-ingurua izan duzue...
J.C.: Aspalditik egiten dugu, eta ondo egoten da esperientzien berri izatea. Denetik ekartzen ahalegintzen gara: ikasleak eta lanean dabiltzanak, zikloak egin dituztenak, masterretakoak... Esperientzia horiek entzunda, ikusi daiteke hasieran ziklo bat edo gradu bat aukeratzeak ez duela biderik mugatzen ez mozten.
Erabaki bakar horrek pisu handia dauka....
C.L.: Bai, baina zer edo zer ikasten hasi eta ez bazaizu gustatzen, gero aukera edukiko duzu aldatzeko. Beharbada behar duzu hasierako aukera hori zelakoa den ikustea, benetan gura duzun ala ez jakiteko. Garrantzitsua da ateak eta burua ez ixtea. Gura duzuna ezin baduzu egin B plan bat eduki eta topatuko duzu zure bidea.
J.C.: Presioak eta estresak jota ibiltzen dira ikasleak. Ni saiatzen naiz presioa kentzen; selektibitateko azterketari, batez ere: denek aprobatzen dute azkenean. Presio nagusia orain horretan dago, karreretan eskatzen duten notei begira.
Gaitza izango da oso galduta dagoen ikasleari aholkuak ematea.
C.L.: Batzuetan oso aukera desberdinak dituzte buruan. Biak gustatu arren, adibidez, administrazioak eta ingeniaritzak ez dute zerikusirik. Horregatik, Orientazio Azokan saio praktikoak edukiko ditugu, ikasketa bakoitzaren ondoren zer lan egin daitekeen argitu guran.